BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK ANTONIO MACHADOREN ETA ENRIQUE GRANADOS KONPOSATZAILEAREN ARTEKO POESIA-MUSIKA ELKARRIZKETA JASOKO DU ASTELEHEN HONETAN, ORPHENICA LYRA TALDEAREN ESKUTIK

Carmen Bereciartuak, José Luis Cuestak eta Constantino Díezek jarriko diete ahotsa Machadoren testuei, Granadosen hainbat pieza eskainiko dituen Mikel Iturregik pianoan lagunduta.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, poesia-musika elkarrizketa jasoko du astelehenean (abenduaren 18an) arratsaldeko 19:30etik aurrera, Orphenica Lyra taldearen eskutik, Antonio Machado 98ko Belaunaldiko poetaren eta Enrique Granados konposatzailearen lanen artean.

“Las voces de los ecos” izenburua izango duen ekitaldian Sevillako egilearen zenbait poema irakurriko dira, Enrique Granados konposatzailearen hainbat pieza interpretatuko dituen Mikel Iturregi musikariak pianoan lagunduta. Konposatzaile katalana oso ezaguna da pianorako idatzi zituen lanengatik, Goyescas suitearengatik batez ere. Iaz ehun urte bete ziren Mantxako Ubidean hil zenetik, emaztea salbatzeko ahaleginetan.

Carmen Bereciartuak, José Luis Cuestak eta Constantino Díezek jarriko diote ahotsa Machadoren lanari, idazle handiaren sorkuntzaren garai anitzetako poema ezagunenetako batzuk errezitatuz.

Antonio Machado (Sevilla 1875 – Colliure, 1939) 98ko belaunaldiko ordezkari gazteena izan zen. Ukitu modernista duen bere lanak ezaugarri erromantikoak zituen intimismo sinbolistarantz eboluzionatu zuen, eta, alde batetik giza konpromisoa eta bestetik existentziaren kontenplazioa zituen poesian lortu zuen heldutasuna. Erbestean hil zen Espainiako Gerra Zibilean.

Enrique Granadosi dagokionez (Lleida 1867 – Mantxako Ubidea, 1916), Felipe Pedrellen eskolarekin erlazionatutako konposatzaile eta piano jolea izan zen. Ezaguna da pianorako egin zuen lanarengatik, Goyescas (1911) suitearengatik batez ere, eta horretan oinarritu zuen, baita ere, izen bereko opera. Erromantizismoaren barruan sartu ohi da, Chopinen, Schuberten edo Schumanen pianoarekin duen loturarengatik. Sussex itsasontziaren naufragioan hil zen, Alemaniako armadak torpedoz erasotu zuenean, Lehen Mundu Gerran.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan dagoen gunea da, eta bere helburuen artean liburuaren, literaturaren eta ezagutzaren garapena eta sustapena daude.

EGITARAUA

“LAS VOCES DE LOS ECOS”. POESIA-MUSIKA ELKARRIZKETA
ANTONIO MACHADO /ENRIQUE GRANADOS

ORPHENICA LYRA

ERREZITATZAILEAK
Carmen Bereciartua
José Luis Cuesta
Constantino Díez

PIANOJOLEA
Mikel Iturregi