BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, ANJEL LERTXUNDI ETA BERNARDO ATXAGA IDAZLEAK BILDUKO DITUEN LUXUZKO TOPAKETAREKIN EMANGO DIE AMAIERA AURTENGO “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” JARDUNALDIEI, HILAREN 17AN

• “Idazle baten azkenengo eleberria” hitzordua euskaraz izango da eta Pili Kaltzada idazle eta kazetariak gidatuko du. 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan doako sarrerarekin. (Streaming bidez emango da: www.kulturguneatb.eus)

Bilboko Udalaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak “Eztabaidak literaturarekin” ekimenaren urteko azken hitzordua jasoko du datorren asteartean, hilaren 17an, eta gure literaturako bi erraldoi elkartuko ditu: Anjel Lertxundi eta Bernardo Atxaga –2019ko Letren Sari Nazionala–. “Idazle baten azkenengo eleberria” izenburupean, euskaraz egingo den topaketa 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan; sarrera librea izango da leku guztiak bete arte eta streaming bidez jarraitu ahal izango da.

Oraingoan, moderatzailea Pili Kaltzada kazetari eta idazlea izango da, eta idazleen azken eleberrien inguruko hitzaldia proposatuko du. Badirudi horrela izango dela Bernardo Atxagaren “Etxeak eta hilobiak” liburuarekin. Argitaratu berria da, eta egileak berak azkena izango dela iragarri du. Baina Pili Kaltzadak beste kontu batzuk proposatuko dizkie, bi idazleek leku aipagarria baitute euskarazko literatura unibertsaleko idazle klasikoen artean, izan ere, eleberria, poesia, ipuina eta saiakera landu dituzte eta euren lanak hizkuntza ugaritara itzuli dira.

Anjel Lertxundi (Orio, Gipuzkoa) Filosofia eta Letretan lizentziatua, idazle, literatur kritikari, kazetari eta gidoilaria ere bada. 1999an Euskadi Literatura Saria jaso zuen “Argizariaren egunak” eleberriari esker. 1994an, Literatura Sari Nazionaleko finalista izan zen narratiba modalitatean, euskal literaturako funtsezko liburu den “Otto Pette” eleberriarekin. Halaber, Kritikaren Sari Nazionala lortu zuen 1983an eta 1991n, eta, bere literatur ibilbide osoaren omenezko Rosalia de Castro saria jaso du. “Eskarmentuaren paperak” (Alberdania, 2010) saiakerarekin 2010eko Saiakera Sari Nazionala irabazi zuen. “Itzuliz usu begiak” saiakera argitaratu berri du. La Vanguardia, El Mundo, El Diario Vasco, El País, Berria eta El Correo egunkarietan aritu da.

Bestalde, Bernardo Atxaga (Asteasu, Gipuzkoa) ezizenez ezaguna den Jose Irazu Garmendia idazle eta euskaltzainak Letren Sari Nazionala jaso berri du, euskararen eta gaztelaniaren modernizazioan eta nazioarteko proiekzioan egindako ekarpenarengatik. Euskarak duen idazle unibertsalenak Narratiba Sari Nazionala jaso zuen 1988an “Obabakoak” eleberriarengatik. Eleberri horrek, “La odisea”, “Alicia en el país de las maravillas” edo “El señor de los anillos” lanetan, besteak beste, sortu dena bezalako literatur unibertsoa sortu du, eta Estatu Batuetako editore talde batek, garai guztietako 100 literatur unibertso garrantzitsuenen artean sartu du. Saria “Etxeak eta hilobiak” (Pamiela) argitaratu berri duen une berean jaso du. Eleberri horretan, Atxagak garai eta leku ezberdinetako hainbat pertsonaiaren istorioak ehuntzen ditu, bere bizipenen zertzelada batzuekin uztartuta. Alfaguara argitaletxeak gaztelaniazko bertsioa kaleratuko du datorren otsailean.

2007. urtearen hasieran “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturara hurbiltzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin egindako jende aurreko solasaldiaren bitartez.

Joan den 2018an hauek izan ziren “Eztabaidak Literaturarekin” programan parte hartu zutenak: Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano, Suso de Toro eta Màrius Serra, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi, Miguel Sánchez – Ostiz eta Miguel Gutiérrez Garitano, Luisa Etxenike eta Marian Izaguirre, Julia Otxoa eta Edurne Portela, Mariasun Landa eta Bernardo Atxaga, Luis Sepúlveda eta Isaac Rosa, Ana Merino eta Manuel Vilas, eta Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariek eman zioten amaiera urteari.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.