BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, ALICIA GIMÉNEZ BARTLETT IDAZLEAREKIN TOPAKETA JASOKO DU ASTEARTEAN, “XXI. MENDEKO EMAKUME IDAZLEAK” PROGRAMAREN BARRUAN

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30etik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, narratiba garaikideko emakume egileei eskainitako “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloaren beste topaketa bat jasoko du asteartean, azaroaren 7an. Hitzordu honen protagonista, “Mi querido asesino en serie” (Destino arg.) azken eleberria aurkeztuko duen Alicia Giménez Bartlett idazlea izango da. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, sarrera librea izango du aretoko leku guztiak bete arte eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Kulturan espezializatuta dagoen Idoia Jauregi kazetariak gidatzen duen “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloa joan den otsailean inauguratu zen, irakurleen aldetik ere harrera ona jaso duten literatura garaikideko emakume egileen lanean zentratzeko xedez. Orain arte Dolores Redondo, Eva García Saenz de Urturi, María Oruña eta Almudena Grandes idazleek hartu dute parte topaketetan.

Alicia Giménez Bartlettek (Almansa, Albacete, 1951) Filologia Espainiarra ikasi zuen Valentziako Unibertsitatean, eta Literatura Espainiarrean doktoratu zen Bartzelonako Unibertsitatean, La narrativa de Gonzalo Torrente Ballester izeneko tesiarekin. 1984an argitaratu zuen bere lehen eleberria, “Exit” (Seix Barral). “Una habitación ajena” (1997) lanarekin bere ibilbideko lehenengo literatur saria lortu zuen: Emakumeen Lumen Saria.

Laurogeita hamarreko hamarkadan Petra Delicado pertsonaia sortu zuen, orain arte bildumako bederatzi ale eta telebistako serie bat eragin dituen inspektore ezaguna. Lan horiek hainbat hizkuntzara itzuli dira, eta arrakasta handia dute Italian edo Alemanian, besteak beste. Grinzane Cavour sari handia lortu zuen Italian eta Raymond Chandler izenekoa Suitzan. Saiakera ere landu du, “El misterio de los sexos” eta “La deuda de Eva” lanetan. 2011n Nadal Saria lortu zuen “Donde nadie te encuentre” lanari esker.

“Mi querido asesino en serie” da Petra Delicadok argitu behar duen kasu berria. Modu basatian bere etxean bertan eraildako berrogeita hamar urte inguruko emakume baten gorpua aurkitzen denean hasten da. Gorpuaren gainean hilketa errebindikatzen duen maitasun gutun anonimoa dago. Bertan jartzen duenez, hilketaren zergatia, biktimak ustez hiltzailea utzi izana da.

Kasua Petrak, Garzónek eta Mossos d’Esquadrako inspektore batek daramate, eta arraroa bada ere, agintea Mossos d’Esquadrako inspektoreari eman diote, Petra baino gazteagoa den arren. Oraingo honetan, Petrak kasua argitzeko duen grinarekin batera, bere iritziz onartezina den egoeraren kontrako barne iraultza gehitzen zaio: nola liteke mosso gazte hori izatea aginduak ematen dituena? Bitartean, gorpuek agertzen jarraitzen dute. Misterioa mahai gainean dago.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena dituen gunea da.