BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, DATORREN ASTEAN HASITA, HISTORIA SINPOSIOA, BI LITERATUR LAN BERRIREN AURKEZPENA ETA POESIA ERREZITALDIA JASOKO DITUEN PROGRAMA BEREZIAREKIN ITXIKO DU URTEA

ASTELEHENEAN, Dolores Redondoren “Ofrenda a la tormenta” azken liburua aurkeztuko da, eta OSTEGUNEAN Antonio Muñoz Molinaren “Como la sombra que se va” lanaren txanda izango da. Bi topaketak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira, eta egileak bertan egongo dira.

Liburutegiko ekitaldi aretoak, Eusko Ikaskuntzarekin batera antolatutako Bilboko historiari buruzko Sinposioaren edizio berria jasoko du ASTEARTE eta ASTEAZKEN hauetan. Aurten, Francoren diktadura garaian egongo da zentratuta.

Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako gainerako jardueren artean errezitaldiak, duela denbora gutxi hildako Ramiro Pinillari eskainiko zaion omenaldia eta Unamunoren jaiotzaren 150 urteurrena dela eta antolatutako programazio bereziaren itxiera egongo dira.

Bidebarrieta Kulturguneak, ABENDU osoan luzatuko den programazio bereziarekin itxiko du urtea. Programazio horretan hamabi bat jarduera jasoko dira, eta horien artean, Eusko Ikaskuntzarekin batera antolatutako Bilboko historiari buruzko Sinposioaren XVIII. edizioa –aurten garai frankistan zentratua–, poesia errezitaldiak edo Antonio Muñoz Molina eta Dolores Redondo idazleen azken liburuen aurkezpenak egongo dira.

 

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak prestatutako programa ASTELEHENEAN hasiko da, Dolores Redondo donostiarraren “Ofrenda a la tormenta” azken lanaren aurkezpenarekin, jadanik 200.000 irakurle baino gehiago bereganatu dituen Baztango trilogia beltza argitalpen arrakastatsuaren amaiera, hain zuzen ere. Ekitaldian egilea bera egongo da, eta Almudena Cacho kazetariak aurkeztuko du. Bidebarrieta Kulturgunean ohikoa denez, saioa 19:30etan hasiko da, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

 

Argitalpenen alorrean, ostegunean, ABENDUAREN 4an, Cesar Coca kazetaria izango da Antonio Muñoz Molinaren “Como la sombra que se va” azken lana aurkeztuko duena, Martin Luther King-en hilketari buruzko eleberri bikaina. Egilea gizon handi harekin liluratuta zegoenez, eta duela denbora gutxi kasu horri buruzko FBI-ren artxiboak zabaldu direnez, Antonio Muñoz Molinak hilketa eta hiltzailearen ihesa eta harrapaketa berregin ditu, baina, batez ere, James Earl Ray hiltzaileak Lisboan eman zituen pausoak. Oraingo honetan ere egilea ekitaldian egongo da (19:30etan), Bilboko irakurleekin hitz egiteko bere eleberriari buruz. Hilabete honetan Andrés Trapielloren “El final de Sancho Panza y otras suertes” azken lana ere aurkeztuko da, ABENDUAREN 10ean.

 

BILBOKO HISTORIA

Beste urte batez, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak, Bilboko Udalak Eusko Ikaskuntzarekin batera antolatzen duen Bilboko historiari buruzko Sinposioaren XVIII. edizioa jasoko du. Aurtengo edizioa Francoren diktaduraren garaian zentratuko da (1937 – 1977). Izan ere, 1937ko ekainaren 20tik aurrera, Bilboko biztanleen eguneroko bizitzak goitik beherako aldaketa jasan zuen. Egun horretatik aurrera, 40 urte iraun zituen diktadura ezarri zen.

 

ABENDUAREN 2an eta 3an egingo den topaketa horretan hainbat ikerlari elkartuko dira, epealdi horretako gaiei eta arazoei buruz oraindik argitaratu barik dauden lanak azaltzeko. Sinposioa datorren asteartean hasiko da, arratsaldeko 18:00etan, Xabier Irujo Nevadako Unibertsitateko irakasleak emango duen inaugurazio hitzaldiarekin. Hitzaldiaren izenburu adierazgarria hau izango da: “Atrocidades cometidas en Euskal Herria entre 1936 y 1945 a la luz de la legislación internacional: Claves jurídicas para una definición de genocidio en Euskadi”.

 

Egitaraua, asteartean eta asteazkenean egingo diren bost saiotan banatu da, eta guztira 18 txosten aurkeztuko dira, eta horien ondoren eztabaida eta azterketa etorriko dira. Txosten horiek, hitzorduaren gai zentralarekin erlazionatutako hainbat gai landuko dituzte. Landuko diren lanen artean, nazional-katolizismoaren urte haietan erlijioak Hirian izan zuen eragina, NO-DO-a bezalako komunikazio eta propaganda medioek egin zuten lana, frankismoaren kontrako oposizioaren jarduera, etxebizitzaren arazoa desarrollismoaren urteetan… egongo dira, besteak beste. Txosten batek, 1942 eta 1970 artean Telefónican lan egin zuten Bilboko emakumeak gogoratuko ditu.

 

Horrez gain, Bidebarrieta Kulturguneak urtea amaitu arte prestatu duen programazioaren barruan, poesia errezitaldiak, duela denbora gutxi hil den Ramiro Pinillari eskainitako omenaldia eta “Eztabaidak literaturarekin” ekimenaren aurtengo azken topaketa ere jasoko dira, Bilboko Udalaren ekimenez urte honetan aurrera eraman den Miguel de Unamunori eskainitako programazio bereziaren azken ekitaldiak ahaztu barik.

 

UNAMUNO

Unamunoren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko ekitaldien zikloa ABENDUAREN 19an amaituko da, Juan Carlos Sánchez Gómezek zuzendutako “Enclaves de Unamuno” dokumentalaren emanaldiarekin. Dokumentalak ibilaldia proposatzen digu, idazlearen azken urteak jaso zituzten Salamancako hiriko txokoetatik. Ondoren, José Antonio Ereñok, “Unamunoren harremanak bizi izan zen hiriekin” izeneko solasaldia gidatuko du. Bertan dokumentalaren zuzendariak, Marcial Morera filologoak, La Sorbonneko unibertsitateko Colette eta Jean-Claude Rabaté irakasleek eta Pablo Unamunok, idazlearen bilobak, hartuko dute parte.

 

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena helburu nagusi dituen kulturari eskainitako gunea da.