BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, EMAKUME ZIENTZIALARIEI ETA EMAKUMEAREN ETA ZIENTZIAREN ARTEKO ERLAZIOARI BURUZKO “ELLAS HACEN CIENCIA” HITZALDI ZIKLOA JASOKO DU AZAROKO OSTEGUN GUZTIETAN

Zikloa ostegun honetan abiatuko da, eta azaroaren 24an amaituko da, generoaren eta zientziaren alorrean espezializatuta dagoen Capitolina Díaz soziologo ospetsuaren, Emakume Ikerlarien eta Teknologoen Elkarteko presidentearen hitzaldiarekin.

Hitzaldi guztiak Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira, arratsaldeko 19:30etik aurrera, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte. Streamingez eskainiko dira www.kulturguneatb.net webgunetik

Bidebarrieta Kulturguneak, zientziaren dibulgazio hitzaldi zikloa jasoko du AZAROKO ostegun guztietan. “Ellas hacen ciencia” izenburupean, hainbat ikuspegitatik landuko du emakumea eta zientzia paradigma, eta edizio honetan, generoen artean dagoen aldean eta horrek zientzian dituen eraginetan sakonduko du, irakaskuntzaren alorrean zein ikerketa zientifikoan edo erabaki eta gobernu organoetan.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak, UPV/EHUrekin elkarlanean, antolatzen duen programa honen seigarren edizioa datorren astean, azaroaren 3an jarriko da martxan, Naia Pereda Fisika doktoreak, Basurtuko Ospitaleko Erradioterapia Unitateko Fisika Mediko Zerbitzuko kideak, emango duen hitzaldiarekin. “Diagnóstico precoz del cáncer de mama: luces y sombras” izenburupean, diagnostikorako teknika horretara hurbilduko da, bularreko minbiziaren hautemate goiztiarreko kribatu sistemen inguruan eztabaida handia sortu den une honetan.

Hitzaldien zikloak ostegunean, azaroaren 10ean jarraituko du, Marta I. González Filosofian doktoreak eta Oviedoko Unibertsitateko Irakasleak emango duen “Saber e ignorar: la cuestión de las mujeres para la ciencia” hitzaldiarekin. Bere ikerketa interesak zientziaren, teknologiaren eta gizartearen alorrean zentratzen dira. Zientzia eta teknologia gizarte azterlanei, psikologiaren historiari, ingurumen alorreko gatazketako partaidetza publikoari eta generoari eta zientziari buruzko zenbait liburu eta artikulu argitaratu ditu. 2004tik CSICeko Filosofia Institutuko zientzialari titularra da (une honetan lanpostu horretan eszedentzia egoeran dago).

Azaroaren 17rako programatu den hurrengo saioa Encina Calvok gidatuko du, “El no-lugar de las científicas” izeneko topaketarekin. Hitzaldi hori emakumeak egungo zientzian duen egoeran zentratuko da. Fisikan doktorea, Compostelako Donejakueko Unibertsitateko Irakaslea. Azken urteetan, irakaskuntzan genero ikuspegia sartzean eta Fisikaren irakasteko orduan ikasleak motibatzeko zinea eta literatura erabiltzean aritu da lanean.

Programari azaroaren 24an emango zaio amaiera, Capitolina Díaz soziologo ospetsuak, Valentziako Unibertsitateko Soziologia Irakasle eta Emakume Ikerlarien eta Teknologoen Elkarteko (AMIT) presidenteak eskainiko duen “Ya no hay ciencia sin mujeres” hitzaldiarekin.

Soziologian doktorea Londoneko Unibertsitatean, Soziologiako irakaslea izan da Oviedoko Unibertsitatean 1992tik, eta bertan Ikerketa Feministen eta Emakumeei buruzko Azterlanen Zentroko kide izan da. Bere ikerketa ildo nagusiak hauek dira: generoaren soziologia; berdintasun politika publikoak; desberdintasunak eta botere harremanak familian; emakumea eta lana; hezkuntzaren soziologia eta gizarte zientzien metodologia.

Ikerketa taldeetako kide izan da, Europa, nazio edo autonomia mailako I+G hamabost proiektutan, eta horietakoren bat zuzendu du. Ikerketa horien ondorioz, bakarrik edo beste batzuekin batera, ehun argitalpen inguru egin ditu, horien artean, “Desigualdades de género en la distribución de los recursos económicos en las parejas” (2015); “La perspectiva de género en la investigación social” (2015); “Las relaciones de género en el ámbito público” (2015), edo “Los sesgos de género en las encuestas oficiales sobre economía doméstica” (2014).

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegi barruan kulturara zuzendutako espazioa da, eta bere helburuen artean kulturaren, literaturaren, arteen, zientziaren eta ezagutzaren garapena eta sustapena daude.

AGENDA:

AZAROAK 3
“Diagnóstico precoz del cáncer de mama: luces y sombras”
Naia Pereda. Fisikan doktorea. Basurtuko Ospitaleko Erradioterapia Unitateko Fisika Mediku Zerbitzua.

AZAROAK 10
“Saber e ignorar: la cuestión de las mujeres para la ciencia”
Marta I. González. Filosofian doktorea. Oviedoko Unibertsitateko Irakaslea.

AZAROAK 17
“El no-lugar de las científicas”
Encina Calvo. Fisikan doktorea. Compostelako Donejakueko Unibertsitateko Irakaslea.

AZAROAK 24
“Ya no hay ciencia sin mujeres”
Capitolina Díaz. Valentziako Unibertsitateko Soziologia Irakaslea eta Emakume Ikerlarien eta Teknologoen Elkarteko (AMIT) presidentea.
Elkarrizketa-solasaldia Javier San Martín kazetari eta UPV/EHUko Gizarte Komunikazio Ikerlariarekin.

Saio guztiak 19:30ean hasiko dira, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.