BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, FAKIRRAREN AHOTSA (LA VOZ DEL FAQUIR) HARKAITZ CANOREN AZKEN ELEBERRIAREN GAZTELANIAZKO BERTSIOAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU BIHAR

Arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera doakoa izango da leku guztiak bete arte. Goizalde Landabasok aurkeztuko du. Ekitaldia Streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

 

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Harkaitz Cano idazle donostiarraren Fakirraren ahotsa lanaren, azken hilabeteetan gehien saldu den euskarazko eleberrietako baten, gaztelaniazko bertsioaren aurkezpen ekitaldia jasoko du BIHAR, maiatzaren 15ean. Seix Barral argitaletxeak argitaratu du, La voz del faquir izenburuarekin. Topaketa Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, arratsaldeko 19:30ean, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte, eta Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak aurkeztuko du. Ekitaldia streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Abestiaren gazte militante batek bere dohaina erabiltzen du mundua aldatzen ahalegintzeko. Imanol Lurgainek bere gitarra besarkatu eta bere ahots bikaina, diktadurari aurre egiteko sortu berri den ETAren borrokaren esku jarri du. Fakirra ezizena duen Imanol gizon esanguratsua izan zen politikan, maitatua eta gorrotatua, bere kontzientziaren eta gertakari lazgarri baten ondorioz bizitzaren alde eta egun batean bera kide izan zen erakundeak aurrera zeraman indarkeriaren kontra agertu zenean.

Bere garaiari eta idealei ahotsa jarri gura izan zien artistaren istorioa da, ezagutu zituen emakumeena eta leial izan zitzaizkion musikariena; sortu zituen abestiena eta azkenean bizkarra eman zioten entzuleena. Eta, beste ezer baino gehiago, askatasunari eta geure buruarekin dugun konpromisoari buruzko eleberria da. La voz del Faquir eleberria egiazko gertakarietan oinarritu, eta Imanol abeslariaren bizitzan modu librean inspiratzen da. Harkaitz Cano horretaz baliatzen da fikzioaren bitartez demokrazia aurreko urteak eta 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara Euskal Herriak bizi izan zuen trantsizio berezia islatzeko, arteak eta kulturak gizarte aldaketarako tresna gisa dituzten mugak aztertzen dituen bitartean. Belaunaldi baten ilusioei eta etsipenari buruz berba egiten duen eleberria da.

Harkaitz Cano (Donostia, 1975) idazle eta itzultzailea da. Gaztelaniara itzulita eleberri hauek irakur daitezke: Jazz y Alaska en la misma frase (Seix Barral, 2004), El filo de la hierba (2006) eta Twist (Seix Barral, 2013). Azken lan horrek Euskarazko Kritikaren Saria, Euskadi Literatur Saria, Bizkaiko Liburu saltzaileen Saria eta Irakurleen Beterri Saria jaso zituen. Komiki gidoilari eta euskal eszenako talde askoren abestien hitzen sortzailea da. Euskadi Saria hiru bider irabazi duen bere lana hamabi hizkuntza ingurura itzuli da. Fakirraren ahotsa lanak euskaraz idatzitako lan onenaren Kritikaren Saria jaso zuen 2018an.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen BIDEBARRIETA KULTURGUNEA Bidebarrietako Liburutegian dagoen gunea da, eta bere helburu nagusia liburua eta literatura sustatzea da.