BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, BRIGITTE REIMANN IDAZLE ALEMANARI ETA GAZTELANIAZ ARGITARATU BERRI DEN “FRANZISKA LINKERHAND” LANARI BURUZKO LITERATUR TOPAKETA JASOKO DU OSTIRALEAN

Ekitaldia 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Streamingez eskainiko da: www.kulturguneatb.net

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Brigitte Reimann idazle alemanaren eta amaitu barik utzi zuen eta bera hil ondoren argitaratu zen “Franziska Linkerhand” (Errata Naturae arg.) lanaren inguruko literatur topaketa antolatuko du ostiralean, ABENDUAREN 16an. Arratsaldeko 19:30ean hasiko den ekitaldian –sarrera librea, leku guztiak bete arte– Ibon Zubiaur arituko da, kulturan espezializatutako César Coca kazetariarekin, Reimanni eta bere garaiarekin konpromisoa erakusten duen duen literaturari buruz berba egiteko.

Brigitte Reimann (Burg, 1933 – Berlin Ekialdea, 1973) idazlea irakasle, liburu-saltzaile eta kazetaria izan zen, baina bere lehenengo liburua hogei urte bete berritan argitaratu ondoren bere bizitza idaztera bideratu zuen. Intelektualek laneko bizitzan parte hartu behar zutela zioten ARDko jarraibideak kontuan izanda, ikatz meategi batean egin zuen lan, eta berak eta bere senarrak idazle zirkulu bat zuzendu zuten bertan. Bere bizitza gertakariz beteta egon zen: lau aldiz ezkondu zen, abortu batek bere buruaz beste egiten saiatzera eraman zuen, atsedenik gabe idatzi zuen. Minbiziaren ondorioz, berrogei urte bete aurretik hil zen.

Bere eleberrien artean “Die Frau am Pranger” (1956) eta “Ankunft im Alltag” (1961) lan legendarioa azpimarratu behar dira. Laurogeita hamarreko hamarkadan bere egunkari eta gutun bikainak argitaratu ziren, arrakasta handiarekin. 2013an “En la ciudad del mañana”, egilearen eta Hermann Henselmann arkitektoaren arteko korrespondentzia bikain eta pasioz betetakoa, eta 2015ean “La verde luz de las estepas”. “Franziska Linkerhand” XX. mendeko Alemaniako narrazioaren lan nagusietakoa da, eta duela denbora gutxi argitaratu da lehen aldiz gaztelaniaz.

Ibon Zubiaur (Getxo, 1971). Literaturako klaseak eman zituen Tubingako Unibertsitatean, eta Múnicheko Cervantes Institutua zuzendu du. Zenbait egile klasiko eta garaikide itzuli ditu gaztelaniara, horien artean Wieland, Stifter, Rilke, Brigitte Reimann eta Irmtraud Morgner. 2013tik Berlinen bizi da. 2015ean alemanez idatzitako bere lehenengo saiakera lana argitaratu zuen: Wie man Baske wird (Zelan egin euskaldun).

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.