BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, “MUGA”, FELIPE JUARISTI, JUAN RAMÓN MAKUSO, PELLO OTXOTEKO ETA ARITZ GORROTXATEGI EGILEEN ANTOLOGIA POETIKOAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU DATORREN ASTEARTEAN

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, arratsaldeko 19:30etan, sarrera librearekin leku guztiak bete arte.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, El Gallo de Oro argitaletxeak kaleratu duen “Muga” antologia poetiko elebidunaren aurkezpen ekitaldia jasoko du datorren asteartean, MAIATZAREN 3an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Antologiak, euskaraz idatzitako euskal poesian funtsezkoak diren lau egile biltzen ditu, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi. Egileez gain, argitalpenaren hitzaurrea egin duen Jon Kortazarrek eta Juan Manuel Uria editoreak ere hartuko dute parte ekitaldian.

Edizio honetako antologian jasotzen diren poetak, 2008ko maiatzean Durangon hasi ziren “Poesia eta Pentsamendua” jardunaldien sustatzaileak dira. Azken urte hauetan pentsamenduari lotutako poesiak hazkunde nabarmena izan du euskal letretan.

Horrez gain, antologia honetako poetek hainbat bide poetiko landu dituzte, bakoitzak bere estiloan, baina elkarren arteko konplizitate nabarmenarekin. Ibilbide labur baina emankor horren ondorioz Felipe Juaristik, Juan Ramon Makusok, Pello Otxotekok eta Aritz Gorrotxategik euren poesia lanaren erakusketa prestatzea eta giza ezagutza bilatzen duen poesiaren koordenadak ezartzea erabaki dute.

Felipe Juaristi Azkoitian (Gipuzkoa) jaio zen 1957an. Kazetaritza ikasi zuen Madrilen, eta une honetan gidoilari eta kazetari gisa egiten du lan. Zazpi poesia liburu idatzi ditu, eta horien artean “Galderen Geografia”, “Aingeruaren Angelua” eta “Piztutako Etxea” azpimarra daitezke.

Juan Ramón Makuso Filosofia Irakaslea da Errenteriako Koldo Mitxelena BHIan. Bere lanen artean poesia liburu hauek azpimarratuko ditugu: “Bizitzeak hil egiten du”, “Hiri gorazarre”, “Huntza hezur berritan”, eta “Hitzak argi”.

Pello Otxoteko Zientzia Biologikoetan eta Biokimikan lizentziatua da. Horrez gain Filosofia ikasketak ere egin ditu UNEDen. Gehien argitaratu duen estiloa poesia izan da, “Haraindiko begiradaren bila”, “Itzalaren ñabarduretan” edo “Anphora baita” bezalako lanekin.

Aritz Gorrotxategi (Donostia, 1975) gidoilari, zutabegile, irakasle eta itzultzaile gisa aritu da. Bere lanen artean “Zaldi hustuak” eta “Hariaz beste” poesia liburuak aipa daitezke. Azken lan horrek Kritikaren Sari Nazionala eman zion 2012an.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren hedapena duen gunea da.