BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, ROSA MONTEROREN LOS TIEMPOS DEL ODIO AZKEN ELEBERRIAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU DATORREN ASTEARTEAN

Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, 19:30ean, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Alicia San Juan kazetariak aurkeztuko du. Ekitaldia streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

 

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Rosa Montero idazlearen –Letren Sari Nazionala 2017– Los tiempos del odio. Sin amor no merece la pena vivir (Seix Barral arg.) azken eleberriaren aurkezpen ekitaldia jasoko du datorren asteartean, AZAROAREN 6an. Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, 19:30ean, sarrera librearekin aretoko leku guztiak bete arte, eta Alicia San Juan kazetariak aurkeztuko du. Ekitaldia streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Independentea, ez oso soziablea, intuizioz eta indarrez betea, Bruna Husky detektibe erreplikanteak puntu zaurgarri bakarra du: bere bihotz handia. Entrega berri honetan, Lizard inspektorea aztarnarik utzi barik desagertzen denean, detektibeak poliziaren bilaketa desesperatuari eta erlojuz kontrakoari ekingo dio. Bere ikerketak, Nuevos Antiguoseko, teknologiari uko egiten dion sektako, urruneko koloniara eramango du, eta baita XVI. mendera arte luzatzen den aginte trama ilunaren jatorriak aztertzera ere.

Bien bitartean, munduaren egoera gero eta nahasiagoa da, krispazio populista gorantz doa eta badirudi gerra zibila saihestezina dela. Brunak bere beldur nagusiari, heriotzari, egin beharko dio aurre, bizi garen garaien erretratu zorrotza eta argigarria den istorioan. Los tiempos del odio. Sin amor no merece la pena vivir etengabeko ekintza duen eleberri indartsua da, eta bertan Rosa Monteroren laneko gai nagusiak agertzen dira: denboraren iragana, besteen beharra bizitzak bizitzea merezi dezan, pasioa heriotzaren aurreko iraultza gisa, agintearen gehiegikeriak eta dogmen izua.

Rosa Monterok (Madril, 1951) hainbat eleberri idatzi ditu, Crónica del desamor (1979), La función Delta (1981), Te trataré como a una reina (Seix Barral, 1983), Amado amo (1988), Temblor (Seix Barral, 1990), Bella y oscura (Seix Barral, 1993), La hija del caníbal (1997, Primavera Saria), El corazón del Tártaro (2001), La loca de la casa (2003, Qué Leer eta Grinzane Cavour Sariak), Historia del Rey Transparente (2005, Qué Leer Saria), Instrucciones para salvar el mundo (2008), Lágrimas en la lluvia (2011 eta 2015) eta La ridícula idea de no volver a verte (2013). Horrez gain, Amantes y enemigos (1998) kontakizun liburuaren, kazetaritzarekin erlazionatutako zenbait lanen, eta El nido de los sueños (1991) eta Barbara protagonista duten umeentzako liburuen egilea ere bada.

Kazetaritzaren alorrean egin duen lanari esker, Kazetaritza Sari Nazionala, Rodríguez Santamaría Saria eta El Mundo Kazetaritza Saria lortu ditu, besteak beste. Bere lanak hogei hizkuntza baino gehiagora itzulita daude, eta El País egunkarian aritzen da kolaborazioak egiten. 2017ko azaroan Letren Sari Nazionala eman zioten, eleberri, kazetaritza eta saiakera alorretan egindako ibilbidea aintzatetsiz.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.