BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK ARKITEKTO VALENTZIARRAREN LANARI BURUZKO LLÀTZER MOIX ARKITEKTURA KRITIKARI ETA KAZETARIAREN “QUERÍAMOS UN CALATRAVA” LIBURUAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU ASTEARTEAN

Ekitaldian Llátzer Moix eta Ibon Areso Bilboko alkate ohi eta arkitektoa egongo dira, eta hitzaldiaren moderatzailea Iñaki Esteban kazetaria izango da. Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, arratsaldeko 19:30ean, eta sarrera librea izango du leku guztiak bete arte.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Llàtzer Moix kazetari eta arkitektura kritikariaren “Queríamos un Calatrava” (Anagrama arg.) arkitekto valentziarraren lan eztabaidagarriari buruzko azken liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du datorren asteartean, MARTXOAREN 28an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Ekitaldia Iñaki Esteban kazetariak aurkeztuko du, eta Ibon Areso Bilboko alkate ohi eta arkitektoak ere hartuko du parte.

Aurkezpen ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, sarrera librea izango du leku guztiak bete arte, eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Llátzer Moix liburuaren egileak azaltzen duenez, garrantzi global handiena duen jatorri espainiarreko arkitektoa da. Inspirazio organikoa eta lengoaia nahastezina dituzten bere eraikin zuri deigarriak hogei herrialde ingurutan ikus ditzakegu, tren geltokiei, zubiei, aireportuei, auditorioei, museoei, zeru-orratzei edo estadioei forma emanez.

Mende aldaketako urteetan, Europako zein Estatu Batuetako kargu publikoak eta sustatzaile pribatuak arkitektoaren zerbitzuak jasotzeko borrokatu ziren. Garai hartan Calatrava figura miretsia zen, baina pixkanaka, arkitekto, ingeniari eta sortzaile plastikoa ikusteko modua eraldatuz joan da, kontrakoa bilakatu arte.

“Queríamos un Calatrava” lanaren helburua eraldaketa horren zergatiak aztertzea, zehaztea eta azaltzea da. Xede horrekin, Llàtzer Moixek arkitekto valentziarraren lan garrantzitsuenak bisitatu ditu Atenasen, Malmöen, Milwaukeen, New Yorken, Venezian edo Zurichen; eta baita Espainiako hainbat hiritan ere, Bilbon, Bartzelonan edo Valentzian, besteak beste. Eta lanak agindu zizkioten bezeroekin, proiektuak garatu zituzten arkitektoaren laguntzaileekin, erabiltzaileekin eta beste aditu batzuekin hitz egin du.

Azterketa lan horretan alderdi batzuk etengabe agertu dira: atzerapenak, biderkatutako aurrekontuak, lana egiten ari zen bitartean obraren ezaugarri garrantzitsuen bazterketa, mantentze-lan garestiak, mota guztietako gertakariak eta, azken finean, hasiera batean arkitektoarekin liluratuta zeuden bezeroek, azkenean arbuiatu egin zuten eta behin baino gehiagotan harekin izandako desadostasunak epaitegietan konpondu zituzten. Izan ere, amets gisa aurkeztutako bere arkitektura, amesgaizto bilakatu da behin baino gehiagotan.

Llàtzer Moix (Sabadell, 1955) La Vanguardia Bartzelonako egunkariko kultur informazioaren arduraduna izan zen hogei urte inguruz, eta gaur egun egunkari horretako zuzendariordea, editorialgilea, zutabegilea eta arkitektura kritikaria da. Bere liburuen artean, bilduma honetan bertan argitaratutako bi daude: “La ciudad de los arquitectos” (1994), Bartzelona olinpikoaren hiri eta arkitektura eraldaketari buruzko testu klasikoa, eta “Arquitectura milagros” (2010), Bilbon Guggenheim Museoa ireki ondoren Espainian zabaldu zen arkitektura ikonikoaren sukarra deskribatzen duen lana. Horrez gain, kultur kazetaritzako beste lan batzuk ere idatzi ditu, “Mariscal” (1992), “Wilt soy yo” (2002) edo “Mundo Mendoza” (2006), besteak beste.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena dituen gunea da.