BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, MARÍA ORUÑAREN “UN LUGAR A DONDE IR”, ELEBERRIAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU ASTEARTEAN, EGUNGO LITERATURAKO EMAKUME IDAZLEEI ESKAINITAKO BILBOKO UDALAREN PROGRAMA BERRIAREN BARRUAN

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30etik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Zikloa bi hilabetez behin egingo da, eta kulturan espezializatutako Idoia Jauregi kazetariak aurkeztuko du.

Bidebarrieta Kulturguneak, egungo literaturako emakume idazleei eskainitako Bilboko Udalaren programa berria inauguratuko du datorren asteartean, OTSAILAREN 28an. Bi hilabetez behin egingo den eta Idoia Jauregi kazetariak gidatuko duen “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloa “Un lugar a donde ir” liburuaren aurkezpenarekin, eta ondoren egilearekin, María Oruña idazle galiziarrarekin, egingo den solasaldiarekin zabalduko da. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, sarrera librea izango du aretoko leku guztiak bete arte eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

“Puerto escondido” lehenengo eleberriarekin literaturaren munduan indar handiz sartu ondoren, María Oruña Kantabriara, bere literatur paisaiara, itzuliko da, arkeologoak, zientzialariak, historialariak eta geologoak protagonista izango dituen intrigarekin. Lanean, ikerketa kriminala eta bizitza intimoa eta familiakoa uztartuko dira. Aita Kantabriakoa duen María Oruña (Vigo, 1976) galiziarrak sarritan bisitatu du Kantabria txikitatik. Bertan girotu du “Un lugar a donde ir” lana, eta baita aurreko eleberria ere, “Puerto escondido” (Destino, 2015), alemanera, frantsesera eta katalanera itzuli den noir generoko debut arrakastatsua.

Bi eleberrietako protagonistak Kantabriako paisaiak eta Valentina Redondo tenientearen taldea dira. Hainbat hilabete igaro dira Suances, Kantabriako kostaldeko herri txikia, bertako biztanleak aztoratu zituen zenbait hilketaren lekuko izan zenetik. Hala ere, dena normaltasunera itzuli dela dirudienean, neska gazte baten gorpua agertuko da La Mota de Trespalaciosen, Erdi Aroko ez ohiko eraikuntzaren aztarnak dauden lekuan, hain zuzen ere.

Gertakari horretako gauzarik harrigarriena ez da neska gaztea Erdi Aroko printzesa dotore gisa jantzita dagoela, bere eskuetan duen objektua –1563an egindako txanpona– eta autopsiaren emaitza forentse harrigarria baizik. Lekuko eszeptikoenak ere ezinezkoa dirudien denborako bidaiaren ideia planteatzen hasita daudenean, inguruan hilketa gehiago hasiko dira gertatzen, Erdi Aroko dama misteriotsuaren heriotzarekin lotutakoak, dirudienez. Valentina Redondo eta bere taldea gertakariak ikertzen ari diren bitartean, Oliver Gordon –bere bikotea–, Michael Blake antzinako adiskide musikariak lagunduta, duela bi urte desagertu zen Guillermo anaia bilatzen arituko da.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena dituen gunea da.