BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK “PECADO”, LAURA RESTREPO IDAZLE KOLONBIARRAREN AZKEN ELEBERRIAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU ASTELEHENEAN

Elena Sierra kazetariak aurkeztuko duen ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.net

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Pecado (Ed. Alfaguara), Laura Restrepo idazle kolonbiarraren liburu berriaren aurkezpena jasoko du datorren astelehenean, APIRILAREN 4an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Idazleak, El Boscoren “El jardín de las delicias” erretaulan inspiratutako bidaia beldurgarria proposatzen die irakurleei gaizkiaren bihotzera. Ekitaldia Elena Sierra kazetariak aurkeztuko du –sarrera librea izango da aretoko leku guztiak bete arte–, eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.net webgunean.

El Boscoren margolanetik aterata baleude bezala, liburuaren protagonistak Arcángel, nerabe hiltzailea; Luis B. Campocé exekutibo adulteriogilea; Emma, gizaki zatitzailea; intzestua egiten duen bikote bat; La Viuda ezizena duen borreroa; las Susanas, hiru ahizpa axolagabeak edo harroputzak; eta El Siríaco, profeta harroa dira. Bekatuaren ideia nahasle eta anbiguoa guztiengan irudikatzen da. El jardín de las delicias lana dagoeneko ez dago museoan zintzilik, eta inoiz baino errealago agertzen da, gaizkiarekin duten erlazioa aitortzen duten hezur-haragizko pertsonaia horien azalean. Irakurleak izango du bere gain pertsonai horiek zigortzeko edo, agian, barkatzeko, erronka morala.

Izan ere, Pecado lanarekin, egile kolonbiar ezagun horrek, barrua nahasten duen bidaia proposatzen du infernuetara, baina infernuak ez daude eguneroko bizitzako ohiko azaleraren beste aldean. Bere literaturaren ezaugarri diren indarrarekin eta sentsibilitatearekin, Laura Restrepok transgresioaren konplexutasun etikoa lantzen du, narrazio nahasle, berezi, une batzuetan ikaragarri eta, aldi berean, erabat gizatiarraren, bitartez. Bekatu bakoitzak bere kulpa darama berarekin, baina aldi berean baita lasaitasun tanta ere.

Laura Restrepo (Bogota, 1950) Filosofia eta Letretan graduatu zen Andeetako Unibertsitatean, eta ondoren Zientzia Politikoetako gradu-ostekoa egin zuen. Literatura irakasle izan zen Universidad Nacional y del Rosario izenekoan. Idazle moduan egin duen lanarekin batera, kazetari gisa ere aritu da, eta parte hartze aktiboa izan du politikan. Horrela, Restrepok oso lan garrantzitsua egin zuen 80ko hamarkadan M-19 gerrillarekin izandako negoziazio prozesuetan, eta horren ondorioz ezinbesteko erbestea jasan zuen Mexikon eta Madrilen.

Bere lan ezagunena Delirio da, Alfaguara Sariaren irabazlea 2004an eta Grinzane Cavour Sariaren irabazlea 2006an. Ospe gehien duen idazle latinoamerikar ezagunenetakoa da gaztelaniaz idatzitako literaturaren barruan. Nortasun tradizionalen, kategorien eta kontzeptuen arteko mugak desagerrarazten dituen estilo paregabea du. Bere lanetan kazetaritzako ikerketaren eta bere esperientzien arteko nahasketa ageri dira, gehienetan bere jaioterria den Kolonbian gertatzen diren intentsitate handiko kontakizunekin. Bere eleberriak hogei hizkuntza baino gehiagora itzuli dira, eta hainbat sari eta aintzatespen jaso dituzte.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren hedapena duen gunea da.