BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, ARNEDOKO OCTUBRE CORTO ZINEMALDIAK ZINEGILE BILBOTARRARI BURUZ ARGITARATU DUEN “PEDRO OLEA. AZCONA Y UN LOBO” LIBURUAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU OSTEGUNEAN

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:00etan, eta sarrera librea izango du leku guztiak bete arte. Pedro Oleaz gain, ekitaldian Bernardo Sánchez eta Chechu León editoreek hartuko dute parte.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Arnedoko (Errioxa) Octubre Corto jaialdiak zinegile bilbotarraren inguruan argitaratu duen “Pedro Olea. Azcona y un lobo” (Ed. Aborigen) liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du ostegunean, ekainaren 29an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Pedro Oleaz gain, ekitaldian Bernardo Sánchez eta Chechu León editoreek hartuko dute parte. Azken hori Arnedoko zinemaldiaren sortzailea eta zuzendaria da. Ekitaldia streamingez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

“Octubre Corto” zinemaldiak Pedro Olea, zuzendari, ekoizle eta gidoilari bilbotarrari eman zion Rafael Azcona Saria 2016an. Zinegileak filmografia heterogeneoa, berezia, ausarta eta etengabea sortu du, lan ahaztezinekin, El bosque del lobo (1971), besteak beste. Sariaz gain, zinemaldiak sarituari buruzko liburu bat argitaratzen du, dagoeneko zortzi liburuki dituen Ediciones Aborigen argitaletxearen Octubre Corto bildumara gehitzeko.

Bere filmografia zabalaren barruan, Pedro Oleak, Rafael Azconarekin batera sinatutako gidoiak dituzten bi film bikain ditu: Pim, pam, pum… ¡fuego! (1975) eta Un hombre llamado Flor de otoño (1978). Biek ere arrakasta handia lortu zuten bere egunean kritikaren eta ikus-entzuleen aldetik. Hori dela eta, Pedro Olea. Azcona y un lobo liburuak, lehenengo blokean, bi film horien sorkuntzari eta jasotzeari buruzko zenbait testu jasotzen ditu. Horrez gain, bigarren blokean, lana, zinegilearen filmografian gaur egun ere oraidik gehien baloratzen eta gogorarazten den El bosque del lobo (1971) filmaren gidoiaren argitalpenarekin osatzen da. Lan horren gidoia Juan Antonio Portorekin batera idatzi zuen.

Liburua Bernardo Sánchez (Logroño, 1961) idazle, dramaturgo, zine historialari eta Errioxako Unibertsitateko irakasleak, Octubre Corto Jaialdiko eta bertako argitalpen espezializatu bildumako ohiko laguntzaileak, eta Chechu León (Arnedo, 1972) Arnedoko zinemaldiaren sortzaile eta zuzendariak, zinemaldiko argitalpen guztietan editore gisa parte hartzen duenak, sinatzen dute.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.