BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, ARTEA NEUROBIOLOGIATIK EDO PSIKOLOGIATIK IKUSTEARI BURUZKO HITZALDIA JASOKO DU EKAINAREN 19AN, ZIENTZIA HEDAPENARI BURUZKO BERE PROGRAMAZIOAREN BARRUAN

Topaketa arratsaldeko 19:00etan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa izango da gonbidapena jasotzea liburutegian bertan, BIHARTIK aurrera. Streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

 

Bidebarrieta Kulturguneak, pertsonek artea ikusteko ditugun pertzepzio desberdinetara hurbildu gura duen hitzaldi-solasaldia jasoko du datorren asteazkenean, ekainaren 19an. Horretarako, artearen, neurobiologiaren eta psikologiaren artean dagoen harremana aztertuko da. Diziplina anitzeko jardunaldian Conchi Lillo neurobiologoak, Patri Tezanos zientzia dibulgatzaile eta neurozientzian espezializatutako psikologoak eta Elena Vozmediano arte kritikariak hartuko dute parte. “Ciencia y arte a pie de calle” izenburua daraman zikloak ekainaren 27an egingo den beste topaketa batekin jarraituko du.

EHU/UPVko Kultura Zientifikoko Katedrarekin batera antolatu den ekitaldia 19:00etan hasiko da Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, eta doako sarrera izango du, baina ezinbestekoa izango da liburutegian bertan gonbidapena jasotzea BIHARTIK aurrera. Hitzaldia jarraitu gura duten baina bertara joan ezin diren pertsonek streaming-ez jarraitu ahal izango dute www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Artelan batzuek pertsona batzuk liluratuta uzten dituzte eta beste batzuk, berriz, ez dituzte bat ere atsegin. Batzuk hotz uzten gaituzte, beste batzuk haserretu edo, sentsazio onak piztu edo hunkitzen gaituzte. Baina, zelan jarduten du gure pertzepzioak horren aurrean? Zerk eragiten du artelan bat guretzat atsegina izatea edo ez izatea?

Conchi Lillo biologoa eta neurozientzietan doktorea da USALetik, eta irakasle titularra Salamancako Biologia Fakultatean 2011tik. Ikusmenaren neurobiologia sailean ikertzen du INCYLen (Instituto de Neurociencias de Castilla y León), eta IBSALeko (Instituto de Investigación Biomédica de Salamanca) kide da. Salamancako Unibertsitateko Mikroskopio Elektroniko Zerbitzua zuzentzen du. 60 zientzia artikulu baino gehiago argitaratu ditu eta zientziaren hedapenerako Naukas eta Desgranando Ciencia plataformekin lankidetzan aritzen da.

Patri Tezanosi dagokionez, neurozientzian espezializatutako psikologoa eta zientzia dibulgatzailea da Youtubeko “Antroporama” kanalean. Bere dibulgazio jarduerarekin batera ikerketa lana ere egiten du neurozientziaren arloan, Madrilgo CSICeko Cajal Institutuan. Elena Vozmediano Artearen Historian lizentziatua da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta El Cultural gehigarrian astero idazten duen Arte kritikaria. Arte Garaikide Institutuko kide da, eta Kataluniako arte galerien elkarteek ematen duten Artearen Kritikaren GAC 2012 Saria jaso zuen.

Hitzaldia, Bidebarrieta Zientifikoaren urteko programazioaren barruan dago. Ekimenak beste programa batzuk ere jasotzen ditu, “Darwinen Eguna”, besteak beste, –hori ere UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutakoa–, zientzia jende guztiari era atseginean eta didaktikoan hurbiltzeko eta egunerokotasuna duten zientziari buruzko gaiak ezagutarazteko helburuarekin.

GONBIDAPENAK JASOTZEA
Lekua: Bidebarrietako liburutegia
Egunak: Ekainaren 14tik 19ra. Larunbatean eta igandean izan ezik.
Ordutegia: 10:00-14:00 // 16:00-19:00.
Gehienez ere 4 gonbidapen pertsona bakoitzeko.

Leku guztiak bete ondoren ez da aretora sartzen utziko.
+ INFO: www.bilbao.eus eta www.bilbaokultura.eus