BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK “MATEMATIKAK EGUNEROKO BIZITZAN” ZIKLOAREN XIV. EDIZIOA JASOKO DU OSTEGUNETIK AURRERA, LEHEN MAILAKO IKERLARIEK ETA MATEMATIKARIEK EMANGO DITUZTEN LAU HITZALDIREKIN

Bilboko Udalak, UPV/EHUk eta Real Sociedad Matemática Española izenekoak antolatu duten programa maiatzeko hiru ostegunetan luzatuko da Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, arratsaldeko 19:30ean, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

Ostegun honetan eskainiko den lehen hiltzadia “Ramanujan, tú a Londres y yo, Hardy,.. a la India” izango da, eta Guillermo Curbera Sevillako Unibertsitateko irakasleak eskainiko du.

Bidebarrieta Kulturguneak, “Matematikak eguneroko bizitzan” programaren hamalaugarren edizioa jasoko du ostegun honetatik aurrera, matematikak eta euren errealitatea gizarte osora hurbildu nahi duten zenbait topaketaren bitartez, era atsegin baina zehatzean. Programatutako lau hitzaldiak, ibilbide luzea eta zirkulu zientifikoetan ospe handia duten matematikariek emango dituzte.

Saioak Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira, arratsaldeko 19:30etik aurrera, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte –ez da baimenduko aretora sartzea ekitaldia hasi ondoren–. Aurreko edizioetan egon den ikus-entzule kopuru handia dela eta, hitzaldi guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

“Ramanujan, tú a Londres y yo, Hardy,.. a la India” izena daraman lehenengo hitzaldia ostegun honetan bertan, apirilaren 27an, izango da, Guillermo Curberaren eskutik. Matematikak ikasi zituen Madrilen, Sevillan eta Kenten (Ohio, EE.UU.), eta matematiketan doktore da Sevillako Unibertsitatetik eta Analisi Matematikoko katedraduna. Matematika alorreko ikerketan, unibertsitateko irakaskuntzan eta matematikak gizartean ezagutaraztearekin erlazionatutako lanetan aritzen da: Nazioarteko Matematika Batasuneko (Berlin) Artxibategietako kontserbatzailea da, Andaluzian matematiketako talentua era goiztiarrean pizteko Estalmat egitasmoan hartzen du parte eta Real Sociedad Matemática Española izenekoaren editore nagusi izan da, besteak beste.

Lehenengo hitzaldi hori Srinivasa Ramanujan gaztearengan zentratuko da. Madraseko, Indiako Hegoalde sakoneko brahmim familia xume batetik, Ingalaterratik igaroz, Unibertsoko matematiken Olinpoko tontor garaienetara heldu zen. Horretarako, Godfrey H. Hardyren, Cambridgeko matematika zale sutsu ingeles finaren, laguntza izan zuen.

Maiatzaren 4an egingo den bigarren jardunaldiaren protagonista Nelo Maestre izango da. Zientzia Matematikoetan lizentziatuta dagoen arren (UCM, 2006), bere ibilbide profesional osoa matematiken eta magiaren arteko bideak aztertuz egin du. Oso gaztetatik hasi zen matematikak eta dibulgazioa alorrean nabarmentzen. Horrela, 1997an buruketen ebazpenaren “Puig Adam” saria lortu zuen, eta 1998an Ikerlari Gazteen Sariketako lehen saria. 2011n, ikasleei matematikak era atseginean hurbiltzera zuzendutako Divermates egitasmoa sortu zuen.

“Ocho apellidos matemágicos” izeneko hitzaldia matematiken eta magiaren arteko erlazioan zentratuko da, eta zenbait jolas matematiko aztertuko ditu, historiako zortzi mago-matematikari handiren izenen bitartez.

OZEANOAREN GEOMETRIA
Programazioak maiatzaren 11n jarraituko du, Ana María Manchok (ICMAT-CSIC) eskainiko duen “La geometría invisible del océano” izeneko saioarekin. Izan ere, ozeanoa, dinamika konplexua eta kaotikoa erakusten duen sistema nahasia da. Matematikek itsasoko korronteen ordena xehe eta sofistikatua dela erakusten dute, denboran zehar aldakorrak diren eta hesi dinamiko gisa jarduten duten estruktura geometrikoak identifikatuz. Aurkezpen horretan patroi geometrikoak, erreskate zerbitzuetarako, larrialdi egoeratarako, lagungarriak izan daitezkeela azalduko da.

Ana Mª Mancho zientzialari titularra da CSICko Zientzia Matematikoen Institutuan. Kontzeptu eta teknika matematikoen eta konputazionalen garapenean egiten du lan, geozientzietako arazo eta erronka berriei aurre egin ahal izateko. Nonlinear Processes in Geophysics aldizkariaren editore exekutiboa eta Science Advisory Committee of Science Europe izenekoaren kide da.

Egitaraua maiatzaren 18an itxiko da, “Datuez ikasten duten algoritmoak eguneroko bizitzan” hitzaldiarekin, Osakidetzako OSI Arabako Inés Garmendia ikerlariaren eskutik. Euskaraz izango den azken saio hori, “Ikasketa Automatikoa” (machine learning) izenekoan zentratuko da, datu kopuru handietan oinarrituta ordenagailuek ikastea posible egiten duen adimen artifizial mota. Gaur egungo prozesatze eta biltegiratze ahalmen handiari esker, algoritmo horietan oinarritutako aplikazioak ikusten hasi gara, ahotsaren ezagutzea eta automobil autonomoak, besteak beste. Hitzaldi horretan, dagoeneko arrakastaz erabiltzen ditugun aplikazioak eta gertuko etorkizunean etorriko direnak aztertuko dira.

“Matematikak eguneroko bizitzan” programa Bilboko Udalak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Real Sociedad Matemática Española izenekoak antolatu dute elkarlanean, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) izenekoaren eta Radio Euskadiren laguntzarekin.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA literaturaren eta giza eta zientzia ezagutzaren hedapenerako gunea da Bidebarrietako Liburutegiaren barruan.

AGENDA:

APIRILAK 27. 19:30ean
“Ramanujan, tú a Londres y yo, Hardy,… a la India”
Guillermo Curbera (Sevillako Unibertsitatea)

MAIATZAK 4. 19:30ean
“Ocho apellidos matemágicos”
Nelo Maestre (Divermates, Madril)

MAIATZAK 11. 19:30ean
“La geometría invisible del océano”
Ana María Mancho (ICMAT-CSIC, Madril)

MAIATZAK 18. 19:30ean
“Datuez ikasten duten algoritmoak eguneroko bizitzan”
Inés Garmendia (Ikerketari laguntzeko unitatea – OSI Araba, Osakidetza)

Sarrera librea leku guztiak bete arte. Hitzaldiak streamingez eskainiko dira www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.