BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK FOUR FRIENDS BANDA BILBOTARRAREN KONTZERTUA JASOKO DU BIHAR

XX. mendearen erdialdeko jazz eta blues klasikoen swing eta retro-rock ukitua duten bertsioz osatutako “Now Or Never” euren azken lana aurkeztuko dute.

Ekitaldia arratsaldeko 20:00etan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

Bilbon, 2015eko urtarrilaren 29an. Bidebarrieta Kulturguneak, Four Friends Bilboko bandaren kontzertua jasoko du BIHAR, ostiralean. Taldeak, joan den mendeko jazz-aren eta blues-aren klasikoen bertsioez osatutako “Now Or Never” (Brixton Records 2014) disko berria aurkeztuko du. Kontzertua arratsaldeko 20:00etan hasiko da, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

 

Four Friends, Eneka Albizuk eta Iñaki Iraetak (gitarrak), Eider Saratxagak (ahotsa, perkusioa), Fernando Iraetak (baxua) eta Jorge Gómez Abrisketak (bateria) osatutako boskotea da. Guztiak ere hainbat taldetan aritutakoak dira, La Secta, Naste Borraste, Chinaskis, Melt!… Taldea 90eko hamarkadaren erdialdean hasi zen jotzen laukote instrumental gisa, rock klasiko, blues eta swing bertsioak eta jatorrizko lanen bat eginez, eta denbora laburrean kontzertuak ematen hasi ziren Bizkaiko kluben/tabernen zirkuituan.

 

”Now Or Never” jazz-aren eta blues-aren emakume ahots handietan dago inspiratuta, diva klasinoenetan (Etta James, Sarah Vaughan, Nina Simone…), eta handienen pausoak jarraitu dituzten artista garaikideetan (Diana Krall, Eva Cassidy, Lisa Ekdahl edo Madeleine Peyroux, besteak beste). Eiderren ahots interpretazio handia lehen planoan izanda –erregistro aniztasuna eskainiz, sentsualitateari eta dotoretasunari lehentasuna emanez–, abesti klasikoek taldearen kalitatea azpimarratzen dute.

 

Bilboko bandak 2003an argitaratu zuen bere lehen lana (“Bilbop”). Bertan nabaria zen jada gitarra garbietan oinarritutako soinu berezia, ukitu retroarekin eta swing airearekin. Mota guztietako ekitaldietan eskaintzen zituzten zuzeneko emanaldiak hobetzen joan ziren, eta hiru urte geroago estudiora itzuli ziren, “Dzanga” bigarren lana grabatzeko, bandaren soinu klasikoa hedatuz, bossa, funk, rockabilly… ukituekin, eta eurak egindako kanta gehiago eskainiz, lan horietako batzuetan emakumearen ahotsa ere sartuz. Zuzeneko emanaldiz osatutako beste hiru urteren ondoren, “Haruntzago” grabatu zuten, euskarazko jatorrizko kantez osatutako bilduma, jazz eta pop zaporeduna, bertako poeta azpimarragarrien letrekin.

 

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegian kulturari eskaintzen zaion gunea da, eta bere helburu nagusia liburuaren eta literaturaren garapena da.