BALY BASERRIAN IBILIKO DA ETA HAN EGINDAKO LAGUN BERRIAK AURKEZTUKO DIZKIGU BALEAREN DESFILEAN

Datorren domekan, abuztuak 23, 18:00etatik aurrera, Balearen desfilea izango da. Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen desfile hau Plaza Biribiletik Jesusen Bihotzaren plazaraino joango da. Aurtengo honetan, desfilea ordu bat aurreratuko da, San Mamesen, Athletic eta Bartzelonaren artean jokatuko den Ligako partidaren trafiko aldaketen eragina gutxiagotzeko, desfileak eta zalegoaren irteerak bat egin ez dezaten.

Aurreko urteetan bezala, Aste Nagusia hasten den egunaren biharamunean Baly balea eta haren familia itsaso hondotik irten eta Aste Nagusiaz gozatzera etorriko dira.

“Balea baserrian” izenburupean, Bilbao 700 Fundazioak berriz ere antolatu du ume zein heldu aho zabalik uzten dituen kabalgata, urtero-urtero gauza berriak dituena.

Aurten Balyk lagun berriak gonbidatu ditu desfilera. Baly baserrian ibilita, lagun berriak ezagutuko ditu eta egun berezia familiarekin eta baserriko lagun dibertigarri eta atseginenekin batera ematea erabakiko du. Balyrekin batera, familiakoak: Olagarroa, Txangurroa, Bisigua. Eta horiekin batera kabalgatan Txerria, Behia, Oiloa, Aharia eta Zaldia. Itsasoaren eta lehorraren konbinazio ezin hobea. Aurten tradiziozko itsas pertsonaiak baserrikoekin batera egongo dira.

Balearen Desfilea tradiziozko hitzordua da dagoeneko Aste Nagusian. Familia guztikoentzat egokia, urtero-urtero egoten dira herritarrak haren zain. Jaiaren motorra kalean musikaren, dibertsioaren eta sorpresaren konbinazioari esker. Balearen Desfilea jai-maratoiari ekiteko berotze-ariketa ezin hobea da.

Desfilea 18:00etan hasiko da eta Plaza Biribiletik Jesusen Bihotzaren plazaraino joango da Kale Nagusitik. Desfilean parte hartzen duten elementuek kaletik pasatzean aldi batez zirkulazioa eten beharra ekarriko dute. Hori domeka horretako 17:00etatik 19:45era, desfileko karrozen abiapuntuan eta desfilearen ibilbideko kaleetan (Kale Nagusia eta honetara heltzen diren kaleak). Zirkulazioa ez aurrera ez atzera ez geratzeko, Bilboko Udalak herritarrei gomendatzen die garraio publikoa erabiltzeko.