BAD – BILBOKO ANTZERKI ETA DANTZA GARAIKIDE JAIALDIA BERE ERDIALDERA HELDU DA, NAZIOARTEKO PANORAMAKO PROPOSAMEN AZPIMARRAGARRIEKIN

Pippo Delbonok “Racconti di Giugno” lana aurkeztuko du BIHAR, Guggenheim Museoaren auditorioan (19:00etan). Gaueko 21:30etan La Merceden, Olga de Sotok “Tras las huellas de una mesa verde – Una introducción” performancea antzeztuko du.

Nazioarteko programazioari dagokionez, BAD-ek, Europa mailako antzerki dokumentaleko lan garrantzitsuenetako bar programatu du, Italiako antzerki garaikideko artista garrantzitsuenetakoa den Pippo Delbono italiarraren “Racconti di Giugno” –Guggenheim Museoaren auditorioan, URRIAREN 28an, arratsaldeko 19:00etan–.

“Racconti di Giugno”, Pippo Delbonok (Varazze, Italia, 1959) sortutako bakarkako lan bakarra da. Bertan bere bizitza aztertzen du, familiarekin, maitasunarekin eta antzerkiarekin erlazionatuta; konfidentziaren eta konferentziaren erdibidean, ikus-entzuleekin partekatzen du bere bilaketa existentziala eta antzerki munduari dagokiona, eta hori, bizitzeko arteari buruzko ez ohiko lekukotza da. Delbono, nazioarteko lehiaketa handietan sarritan ikusi dugun egilea da, Malagan (Espainia) edo Avignonen (Frantzia), adibidez, eta bere lanak Italiako antzerkiaren zaharberritzea erakusten du, apustu ausarten bitartez. Zine eta antzerki antzezlea da baina, beste ezer baino gehiago, antzerki eta opera zuzendaria. 2009an Antzerkiaren Europa Saria lortu zuen.

Beste alde batetik, Lagartijas tiradas al sol konpainia mexikarrak “Montserrat” bakarkako lana aurkeztuko du La Fundiciónen, URRIAREN 27an, gaueko 21:00etan. Lan horretan, Gabino Rodríguez mexikarra amaren bila hasiko da, errealitatearen eta fikzioaren arteko muga liluragarrian. Erreferentziazko konpainia da Mexikon, eta lehen aldiz heldu da Euskadira, jada Paris, Brusela edo Zurich bezalako jaialdietatik igaro den lan horrekin.

Horrez gain, BAD-eko edizio honek, Olga Mesa eta Olga de Soto bezalako bi artistaren lana ezagutzeko aukera emango die Bilboko ikus-entzuleei. Artista horiek hemen aurkeztuko dituzte euren lanak, berriro ere, urte luzez Estatutik kanpo lanean aritu ostean. Olga De Sotok aurrera jarraitzen du dantzaren historiaren berreraikuntzarekin, “Tras las huellas de La mesa verde: Una introducción” performance dokumentalean, –La Merceden, URRIAREN 28an, gaueko 21:30etan–. Valentzian jaio baina Bruselan bizi den koreografo, dantzari eta dantza ikerlari hori, azken urteetan, Europako dantza garaikidearen alorrean gero eta indar gehiago lortu duen XX. mendeko dantzaren memoria ikertzeko eta berreskuratzeko mugimenduaren bultzatzaileetakoa da. Iaz, Belgikako Egile eta Konposatzaile Dramatikoen Elkartearen Sari Nazionala jaso zuen, Arte Eszenikoen kategorian, bere ibilbidea dela eta.

 

BESTE PROPOSAMEN BATZUK

Olga Mesa koreografo eta ikus-artistari dagokionez, bere ezaugarri nagusiak, esperimentazioan oinarrituz ikus-arteak eszenara eramatea eta hizkuntza intimoa eta pertsonala sortzea dira. Kamera bere konplize bilakatu du, eta hari esker espazioaren/denboraren esperientzia eta begiradak, antzezlearen eta ikus-entzule/subjektuaren eta objektuaren arteko formulazioa uztartzen ditu. Bere sorkuntza lanak Europan, Hego Amerikan, Estatu Batuetan eta Afrikan aurkeztu ditu. La Merced aretoak jasoko du, URRIAREN 31n, gaueko 21:30etan, “Carmen: Shakespeare Acto 1” lanaren Euskadiko estreinaldia.

 

BAD-eko nazioarteko programazioaren barruan, BAD-ek ekoiztutako bigarren piezaren estreinaldia ere azpimarratu behar da, Marco Canalek, 2011. urtean ikusi ahal izan zen “La puta y el gigante” lanaren ondoren egin duen bigarren pieza. “El futuro empezó ayer” lanaren erabateko estreinaldiak emango dio amaiera jaialdiaren edizio honi, AZAROAREN 2an, arratsaldeko 20:30etatik aurrera, La Merceden. Antzerki biografikoaren barruan dagoen lan hori, minari buruzko lana izan zen hasieran, bere etxean, familia barruan, bizi izandako haurtzaroko minari buruzkoa. Marco Canaleren lanak, bizitzak eta antzerkiak bat egiteko eta elkar elikatzeko ahaleginak egiten dituzten prozesuetatik sortzen dira.

 

BAD 2014ko nazioarteko programazio guztia antzerki dokumental eta biografikoan dago zentratuta, eta Pablo Fidalgo idazle eta sortzaile eszenikoarekin elkarlanean, Europako eta Latinoamerikako alor horretako artista garrantzitsuenak aukeratu dira.