VOLMIR CORDEIRO, IGOR & MORENO, TAOUFIQ IZEDDIOU EDO LAGARTIJAS TIRADAS AL SOL BEZALAKO NAZIOARTEKO ARTISTAK ETA EUSKAL ESZENAN ERREFERENTE DIREN KONPAINIAK EGONGO DIRA BADEN – BILBOKO ANTZERKI ETA DANTZA GARAIKIDE JAIALDIAREN XVIII. EDIZIOAN

Bilboko Udalak antolatutako jaialdia urriaren 20an hasi eta 29ra arte luzatuko da, jada ohikoak diren BilbaoArte, La FuNdicIOn edo Bilborock eszenatokietan, eta aurten Guggenheim museoko auditorioa, Campos Antzokia edo Pabellón 6 ere gehituko zaizkie. + INFO: www.badbilbao.com

BADek hogei konpainia ingururen azken lanak ekarriko ditu Bilbora, horien artean Estatuko hamar estreinaldi eta Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izango diren beste hiru lan.

Horrez gain, programazioak Bilboko eta Gasteizko Udalek ekoiztu duten “Lurrak” euskal zirku garaikide ikuskizunaren aretorako bertsioaren aurre-estreinaldia ere jasoko du, urriaren 28an, Campos Antzokiaren auditorio nagusian.

Euskal sorkuntza berriaren eta nazioarteko konpainien presentzia azpimarragarriaren arteko programazio orekatua izango da Bilboko Udalak antolatzen duen BADen – Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren hurrengo edizioaren ezaugarri nagusia. Hilabete honetako 20tik 29ra, dagoeneko ohikoak diren La FuNdicIOn, BilbaoArte edo Bilborock eszenatokiez gain, aurten, ikus-entzule gehiago hartzeko ahalmena duten beste areto batzuk ere egongo dira, Guggeheim museoko auditorioa edo Campos Antzokia, eta baita gure hirian erreferentzia eszenikoa den zentro berrietako bat ere, Pabellón 6.

BADen edizio berri horretan egongo diren hogei konpainia ingurutik ia erdia euskal eszena garaikidean sar daitezkeen artistak dira. Horrela, beste batzuen artean, euren lanak aurkeztuko dituzte Ertza, Mugmus Laborategia, Khea Ziater edo Igor & Moreno konpainiek, azken horiek Erresuma Batuan bizi dira eta “A room for all our tomorrows” lana Estatuan estreinatuko dute. MAuMAren “KT-83” site specific dantza pieza erabateko estreinaldia izango da, eta BADek, Adrian Schvarzsteinek zuzendu duen eta Bilboko eta Gasteizko udalek ekoiztu duten “Lurrak” euskal zirku garaikide ikuskizunaren aretorako bertsioaren aurre-estreinaldia ere jasoko du.

Guztira, programazioak Estatu mailako hiru estreinaldi eta Euskadin lehen aldiz ikusiko diren hamar ikuskizun jasoko ditu, eta baita beste jaialdi batzuekin egin diren zenbait elkarlan eta sorkuntza eszenikoari laguntzeko ekimenak ere. Izan ere, beste urte batez, BADek sorkuntzaren aldeko apustu garrantzitsua egin du, Janet Novas, –Festival Escenas do Cambio Jaialdiarekin lankidetzan–, edo Txalo Toloza –Antic Teatrerekin eta Terrasako TNT Joera Berriak jaialdiarekin lankidetzan– bezalako artistekin batera egindako zenbait ekoizpenez gain. Horrez gain, BADek, Ertza euskal dantza konpainiaren azken pieza den “Hariak” ikuskizunaren ekoizpenean ere hartu du parte.

Proposamenen artean nazioarteko zenbait figura azpimarratu behar dira, Volmir Cordeiro dantzari eta koreografoa, Lagartijas tiradas al sol mexikarrak edo Taoufiq Izzeddiou eta Matija Ferlin. Azken bi horiek euren azken dantza lanak estreinatuko dituzte Estatuan. Estatu mailatik azpimarratzekoak dira flamenkoan inspiratutako bere azken duoa, “UnDosTresUnDos”, ekarriko duen Albert Quesada koreografo katalana –Circula 2016 Saria–. Lan horrekin Veneziako azken Biurtekoan hartu zuen parte.

NAZIOARTEKO PANORAMA
Programazio eszenikoari hasiera emateko, URRIAREN 20an, La FuNdicIOnen, Frantzian bizi den Volmir Cordero dantzari eta koreografo brasildar gazteak “Ines” izeneko bakarreko dantza ikuskizuna estreinatuko du Euskadin. Proposamen horrek Pariseko eta Bilboko Institutu Frantsesaren laguntza du. Frantziako dantza garaikidearen munduan garrantzia eta ospe gehien hartzen ari den artistetako bat da.

Hurrengo egunean Igor & Morenoren txanda izango da. Euren egoitza Londonen duten arren, dantzak eramaten dituen lekuan bizi dira, euren lanak Europan eta Estatu Batuetan, Txilen eta Txinan aurkeztuz. Duela denbora gutxi Erresuma Batuko National Dance Awardsen izendapena jaso dute, eta Ingalaterran kritika bikainak jaso dituen “A Room For All Our Tomorrows” euren azken lana aurkeztuko dute Estatuan lehen aldiz.

Estatu mailako beste bi estreinaldiak, Pabellón 6 aretoan bi dantza ikuskizun aurkeztuko dituzten Matija Ferlinen eta Taoufiq Izzeddiouren eskutik helduko dira. Matija Ferlin koreografo kroaziarrak, pertsona bakarreko “Sad Sam Lucky” dantza-performancea eskainiko die ikus-entzuleei. Kosovel poeta esloveniarraren bertsoen garrantzi iraunkorrak, zintzotasunak, profezia malenkoniatsuak eta tragedia sentimentalak bultzatuta, hain egile bereziari egiten dio omenaldi oso fisikoa, emozionala eta nahasia sortzen du Ferlinek. Izan ere, 2011n, The New York V Magazinek etorkizun gehiagoko koreografoetakoen artean jartzen zuen.

Taoufiq Izeddiou koreografo, dantzari, irakasle eta Anania konpainiako eta On Marche dantza garaikide jaialdiko zuzendari artistikoari dagokionez, Marrakexen jaio zela esan behar da, eta bertan arkitektura ikasketak egin eta boxeoan ere aritu zen dantzarako grinaz jabetu aurretik. Dantzak, musikak eta poesia garaikideak ematen dute “En Alerte” lan berri horretarako materiala. Bertan, Taoufiq Izeddiouk bere gorputzarekin marrazten du, Mafmoud Darwish poeta palestinar ezagunaren poesia garaikidean oinarrituz. Lan horrek Bruselako Kunstenfestivaldesarts ospetsuaren ekoizpena ere badu, eta bertan estreinatu zen joan den maiatzean. Ordutik Europan erreferente diren antzerki eta dantza garaikide jaialdietatik bira egiten ari da.

Nazioarteko programazioa Mexikotik eta Koreatik heldutako bi proposamenekin osatuko da. Alde batetik, duela bi urte ere BADen egon zen Lagartijas Tiradas al Sol konpainiak elkarren artean erlazionatuta dauden bi ikuskizun eskainiko ditu oraingo honetan: bata, Gabino Rodríguezek sortu duen eta politikari eta demokraziari buruzko gogoeta egiteko aukeretan eta ekonomiak bi horiek ikusteko moduan duen eraginean sakontzen duen “Tijuana” antzerki pieza; eta bestea, Luisa Pardok antzezten duen eta Mexikoko egoera politikoari eta narkotrafikoarekin dituen loturei buruzko “Veracruz” performance-kontakizuna.

BADek JBK Companyren proposamen bat ere eskainiko du. Korean sortutako etnia anitzeko proiektu gazteak saria lortu zuen sortzaile berrien ACT Festivalaren azken edizioan.

Programatutako gainerako proposamenen artean zenbait artista azpimarratu behar dira, URRIAREN 24an La FuNdicIOn aretoan “UnDosTresUnDos” bere lan berria aurkeztuko duen Albert Quesada dantzari eta koreografo katalana, adibidez. Zoltan Vakulya dantzari hungariarrekin batera, Sabicas maisuaren, Miguel Povedaren, Manolo Caracolen edo Camarón de la Islaren musikarekin flamenkoa protagonista duen ikuskizuna eskainiko du.

Nazio mailako eszena garaikideko beste artista azpimarragarri batzuk Janet Novas artista madrildarra eta aCENTRAL Folque Galiziako konpainia edo Txilen jaio arren Bartzelonan bizi den Txalo Toloza dira. Azken horrek “Extraños mares arden” bere hirugarren lana eskainiko du, Laida Azkona koreografo nafarrarekin batera. Horrez gain, Txalo Toloza La Sauna International artista plataformako eta Roger Bernatek zuzentzen duen konpainiako kide ere bada. Azken hori ere BADen egongo da, ikus-entzuleek Euskadin lehen aldiz ikusteko aukera izango duten bi antzerki piezarekin. Roger Bernat une honetako ikerlari eta sortzaile interesgarrienetakoa da, oso ezaguna ikus-entzuleek eszenatokia hartu eta protagonista bilakatzen diren ikuskizunak sortzeagatik. Horrela gertatuko da BADen aurkeztuko dituen bi piezatan.

ZIRKU GARAIKIDEA
Euskal zigilua duten proposamenen artean, BADen hurrengo ediziorako programazioak, Bilboko eta Gasteizko Udalek ekoiztu duten “Lurrak” euskal zirku garaikide ikuskizunaren aretorako bertsioaren aurre-estreinaldia jasoko du, URRIAREN 28an, Campos Antzokian. Adrian Schvarzsteinek zuzendutako ikuskizunaren kaleko bertsioa ekainean estreinatu zen Kaldearten, eta joan den ekainaren 27an Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia – Bilboko Kalealdia inauguratu zuen.

Euskal kulturan sustraitutako zirku garaikide ikuskizun gisa ulertzen den ikuskizun horretan, bost antzezle eta lau musikari izango dira bere dimentsioa eta tipologia direla eta euskal eszena garaikidean aurrekaririk ez duen ikuskizuna eszenaratuko dutenak. Interpretazio taldeko artistak Ortzi Akosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo eta Marc Muñozek eta Nuria Puigek osatzen duten bikotea dira. Musikariei dagokienez, Mikel Hernández Urrutia eta Anai Gambra txalapartari nafarrek, Unai Laso Santurtziko trikitilariak eta Roberto Castrok, hori ere santurtziarra, eta alboka, gaita bizkaitarra eta galiziarra, zenbait txirula, harmonika, ukelelea, gitarra eta mandolina, panderoa, kanabera edo tarrañuelak jotzen dituenak, osatzen dute taldea.

BADen hurrengo edizioan parte hartuko duten gainerako euskal konpainiak eta artistak hauek dira: Sra. Polaroiska, Mugmus Laborategia, MAuMa, Olatz Gorrotxategi, Khea Ziater, Eva Guerrero eta Parasite Kolektiboa eta Ertza, azken hori Bilboko jaialdiak –Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Zentroarekin batera– ekoiztu duen eta URRIAREN 22an Guggenheim Museoaren auditorioan gozatu ahal izango den “Hariak” dantza eta antzerki ikuskizunarekin. Asier Zabaletak zuzendu duen eta Harkaitz Canoren eta Joseba Sarrionaindiaren testuak dituen “Hariak” lanak, euren bizitzak eusten zituzten hariak bat-batean apurtu direla eta hutsetik hasita bizitza berria hasi behar izan duela ikusi duen jendearen esperientziatan oinarrituta sortutako diziplina anitzeko lana da.

Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia dago, baita ere, MAuMAren, Mugmus Laborategiaren, Parasiteren eta Olatz Gorrotxategiren azken lanen atzean, horien proiektuak sorkuntza eszenikoari laguntzeko BilbaoEszenaren “Artistak Egoitzan” programaren azken deialdian aukeratu baitziren. Hori dela eta, azken hilabeteetan jaialdiaren laguntza ekonomikoa eta aholkularitza teknikoa eta artistikoa izan dute euren proposamen eszenikoak martxan jartzeko, BADen horietako bi baino estreinatuko ez diren arren.

MauMAren “KT83” site specific dantza pieza da, eta Campos Antzokiko Kupula aretoan estreinatuko da URRIAREN 23an. Gizon bat megafono batekin, foko bat, emakume bat mikrofono batekin, gorputzaren soinuak, beste garai bateko musika, dantza, Marta Álvarezen, Jon Koldo Vázquezen eta Atxarte López de Munainen eskutik.

Egun horretan bertan, Arriaga plaza izango da “Esku harriak: Oteizaren (h)aria” dantza ikuskizunaren, MugMus Laborategiak egin eta aurkezten duen lehenengo lanaren, agertokia. Lan horrek, Jorge Oteiza artista polifazetikoak bere ibilbide emankorrean sortutako imajinarioaren berrirakurketa egiten du, diziplina anitzeko eszenan jartzea eskainiz, dantza garaikidearen eta zuzeneko jatorrizko musikaren bitartez, batez ere, baina eskulturarekin, espazioaren tratamenduarekin eta testuarekin uztartuz eta josiz. Horrela, Oteizaren unibertso zabal eta berezia gogoratu eta berreraiki nahi da.

PROFESIONALENTZAT
Ohikoa denez, jaialdiak irauten duen egunetan arte eszenikoetako profesionalei zuzendutako zenbait jarduera berezi egingo dira. Horrela, Albert Quesadak dantza profesionalei eta ikasleei zuzendutako tailerra eskainiko du igandean, urriaren 23an, La FuNdicIOn aretoan, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara (10 euro). Tailer horren helburua erabiltzen dugun musikari eta inprobisatutako dantzan sortutako erritmoari buruzko kontzientzia hartzea eta garatzea izango da, dantzaren forma anitzen bitartez: bakarkakoak, bikoteak, hirukoteak, etab… eta jolasen eta mugimendu partituren bidez, elkarrekin jolastuz eta dantza eginez.

BADen barruan beste tailer bat ere egongo da, Dantzertin, Euskadiko Arte dramatiko eta dantza Goi Mailako Eskolan. Bertan, Igorrek & Morenok, bakoitza norbanako gisa abiatuz eta gure gertuko ingurunea hedatuz, aldaketa soziala gure eguneroko bizitzako esku-hartze koreografien bitartez has daitekeela aztertuko dute. Daily Dances horretan, koreografia, adierazteko tresna gisa proposatzeaz gain, gizarte ekintzako tresna gisa ere proposatzen da.

Horrez gain, aurreko edizioetan bezala, topaketa bat antolatu da ADEE – Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartearekin lankidetzan. Aurten Kataluniako Dantza Profesionalen Elkartea izango da gonbidatua, urriaren 24an. Prestakuntzaren alorra, sortzen ari diren teknologia berriei eta bideoak eszena garaikidean betetzen duen lekuari buruzkoak izango dira. Arte eszenikoetako Bilboko eta Santanderreko profesionalei zuzenduta egongo dira batez ere, bi hiriek 2012tik indarrean duten kultur lankidetzarako hitzarmenaren barruan.

Jaialdirako sarrerek 10 euroko prezioa izango dute txarteldegian –8 euro aurretik erosiz gero www.badbilbao.eus helbidean eta jaialdiko bulegoan– eta hiru edo hamar sarrerako bonoak ere jarriko dira salgai, 20 eta 50 eurotan, hurrenez hurren. Ohikoa denez, BADen informazio bulegoa Errekalde Aretoan egongo da, eta urriaren 13an zabalduko ditu ateak.

BAD INFORMAZIOA: www.badbilbao.eus
BIDEOPROGRAMA: https://www.youtube.com/watch?v=zYonjd-RIQA&feature=youtu.be