ALMUDENA GRANDESEK BERREKINGO DIO OSTEGUN HONETAN “XXXI. MENDEKO EMAKUME IDAZLEAK” ZIKLOAREN PROGRAMAZIOARI, BIDEBARRIETA KULTURGUNEAN

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30etik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Streamingez eskainiko da helbide honetan: www.kulturguneatb.eus

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, narratiba garaikideko emakume egileei buruzko “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloko beste topaketa bat jasoko du datorren ostegunean, irailaren 28an. Udako etenaldiaren ondorengo hitzordu honek, “Los pacientes del Doctor García” (Ed. Tusquets) azken eleberria aurkeztuko duen Almudena Grandes idazle madrildarra jasoko du. Jarduera arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librea izango du aretoko leku guztiak bete arte eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Idoia Jauregi kazetariak gidatutako “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloa joan den otsailean inauguratu zen, irakurleen aldetik ere arrakasta lortu duten literatura garaikideko emakume egileengan zentratzeko helburuz. Orain arte Dolores Redondok, Eva García Saenz de Urturik eta María Oruñak hartu dute parte topaketa horietan.

Almudena Grandes (Madril, 1960) 1989an egin zen ezaguna, La Sonrisa Vertical XI. Saria lortu zuen “Las edades de Lulú” lanarekin. Ordutik, etengabeak izan dira irakurleen eta kritikaren txaloak. “Te llamaré Viernes”, “Malena es un nombre de tango”, “Atlas de geografía humana”, “Los aires difíciles”, “Castillos de cartón” eta “El corazón helado” eleberriek eta “Modelos de mujer” eta “Estaciones de paso” ipuin bildumek literatura espainiar garaikideak duen izen finkatuenetakoa eta nazioartean oihartzun gehien duenetakoa bilakatu dute.

Bere hainbat lan zinera eraman dira, eta, beste batzuen artean, Lara Fundazioaren Saria, Madrilgo eta Sevillako Liburu saltzaileen Saria, Rapallo Carige eta Prix Méditerranée irabazi dituzte. “Inés y la alegría” eleberriak, Madrilgo Kritikaren Saria, Iberoamerikako Elena Poniatowska Eleberri Saria eta Sor Juana Inés de la Cruz Saria lortu ditu. Lan horrekin eman dio hasiera “Episodios de una Guerra Interminable” serieari. Serie horretako hurrengo lanak “El lector de Julio Verne” (2012) eta “Las tres bodas de Manolita” (2014) izan dira, eta orain “Los pacientes del doctor García” lanak ikusi du argia.

Thrillerra eta espioien eleberria, “Los pacientes del doctor García” asmo handiko narrazioa da, eta bertan, egileak bigarren mundu gerrako eta frankismoko gertakari errealak eta ezagunak lotzen ditu, Espainiaren zortea konpartitzeaz gain, Argentinarena ere konpartitzen duten pertsonaien bizitzak eraikitzeko.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena dituen gunea da.