BILBAO BBK LIVE JAIALDIAK 13 ARTISTA BERRI GEHITUZ ITXI DU PROGRAMAZIOA

Iragarri diren talde berrien artean SBTRKT, We Were Promised Jetpacks eta Totaly Enormous Extinct Dinosaurs nabarmendu behar dira.

Nazioarteko izarrez beteta datorren egitaraua prestatzeko lanak bukatu ditu Bilbao BBK Live jaialdiak, hamahiru artista gehituz, tartean SBTRKT, We Were Promised Jetpacks, Totaly Enormous Extinct Dinosaurs bandak; Bilboko Señores taldea ere, estatu mailako indie estiloko erreferentziazko taldeetako bat, bertan izango da. Horrez gain, ospe handiko DJ zerrenda luzea ere iragarri da, uztailaren 9an, 10ean eta 11n Kobetamendiko zelaiak ikuslez beteko dituzten emanaldien programazioa osatuz. Lehenengo egunean Mumford & Sons taldea izango da kartelburu; The Jesus and Mary Chain bandaren emanaldi izugarria, berriz, ostiralean izango da, eta larunbaterako giro jendetsua espero da, Muse hirukotearen txanda izango baita.

Enigmaz betetako SBTRKT izenaren atzean (Subtract gisa ahoskatu) Aaron Jeromek gidatzen duen musika proiektua dago. UK bass, garage, 2step, techno eta house estiloak maisutasunez nahasteagatik da ezaguna SBTRKT, eta, besteak beste, Radiohead, M.I.A. edo Mark Ronson artista handien remixak egin ditu. We Were Promised Jetpacks, bestalde, eskolan ezagututako lau lagunek 2003. urtean Edinburgon sortutako indie rock banda bat da; garai haietan, ikasturte amaierako rock taldeen lehiaketan lehenengoak izatea zen haien ametsa. Ametsa errealitate bihurtu zen, eta, orduan bai, helburu handiagoak ezarri zituzten, esaterako Kaliforniako Coachella jaialdian jotzea edo Estatu Batuetan bira luzeak egitea. Bilbao BBK Live jaialdian Unravealing izeneko hirugarren lana aurkeztuko dute.

Orlando Higginbottom (Totaly Enormous Extinct Dinosaurs izenez ezagunagoa den arren) Oxfordeko musikari bat da; 13 urte besterik ez zituenean DJen munduaren gaineko interesa piztu zitzaion, eta 2009. urtean TEED sortu zuen. 2012an debutatu zuen Trouble lanarekin; harrezkero, artista ingelesa mundu osoan aritu da lanean etengabe, tartean Lady Gaga, Disclosure edota Foals artistekin batera.

“made in Bilbao” musikak ere ordezkari apartak izango ditu; izan ere, denbora laburrean estatuan indie-rock estiloko talde eredugarrienetako bat bihurtu den Señores bandak kontzertua eskainiko du. Curso Práctico de Autoestima lehenbiziko lana crowfunding bidez argitaratu zuten 2013an, eta publiko zein kritikaren babesa jaso zuten. Orain, Señores taldekoak berriz ere errepidean dira, Verbena en la Plaza del Pueblo lana hartuta, eta Bilbao BBK Live eta NOS Lisbon Alive (Lisboa) jaialdietan izango dira. Bestalde, Ricardo Coelho artista portugaldarra ere Kobetamendin izango da, Cavaliers Of Fun emanaldiarekin, bi jaialdien arteko artisten elkartrukeari esker.

Jarrera, esperientzia eta modernitatea dira programazioan gehitu berri den Münik taldearen gakoak. Letra zuzenak, ahaztu ezin diren melodiak eta soinu elektronikoak, horixe dakar Otra Dimensión EP berriak (2015), betiere rock mamiarekin. Horrez gain, agertokian Larregi ere ikusiko dugu, rock indartsuarekin Banden Lehia lehiaketa irabazi duen euskal banda.

DJ zerrenda luzean Mike Green aka Fort Romeau Londresko ekoizlea ere sartu da, Chicagoko generoaren soinu klasikoetatik abiatuz house estiloa berrasmatzen ari diren ekoizleen belaunaldi berriari lotutakoa. Ospe handiko DJen artean daude, besteak beste, DJ Fra, 1996. urtetik Bartzelonako Nitsa Club areto ezagunean etxeko DJa izandakoa, eta Marc Piñol, hamabost urtez Bartzelonako Nitsa klubeko DJa izandakoa. Luxuzkoa izango da, baita ere, ELYELLA DJ bikotearen emanaldia, eta ikusle guztiak dantza jarriko ditu.

Sau Polerrek (Pau Solerren izen artistikoa) ospe handia lortu zuen A Soundless Echo lehenengo EP lanarekin (2013), eta estatu mailako elektronikan nabarmentzen ari den figuretako bat da orain. Horrez gain, Eivissan bizi den Javi Green DJ eta ekoizle bilbotarra ere ikusi ahal izango dugu, sariketa askotan eta uharteko klub garrantzitsuenetan aritzen dena. Bilbao BBK Live jaialdiaren hamargarren edizioko egitaraua osatzeko Zoot Woman taldearen emanaldia egunez aldatu da (ostegunean izan beharrean larunbatean izango da); Nazca bandak, berriz, ostiralean joko du.