AIXA DE LA CRUZ EGILE BILBOTARRA IZANGO DA BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK ANTOLATZEN DUEN “XXI. MENDEKO EMAKUME IDAZLEAK” PROGRAMAKO GONBIDATUA

• Ekitaldia BIHAR, abenduaren 10ean, izango da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, arratsaldeko 19:30ean, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus

Bilboko Udalaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, narratiba garaikideko emakume egileei eskainitako “XXI. mendeko Emakume Idazleak” programako beste topaketa bat jasoko du bihar, abenduaren 10ean, Aixa de la Cruz egile bilbotarrarekin. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango du aretoko leku guztiak bete arte. Streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Aixa de la Cruz (Bilbo, 1988) Idazlea eta Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan doktorea da. Cuando fuimos los mejores (Almuzara, 2007), De música ligera (451 Editores, 2009) eta La línea del frente (Salto de Página, 2017) eleberriak eta Modelos animales (Salto de Página, 2015) kontakizun liburua argitaratu ditu. Halaber, hainbat antologiatan hartu du parte, Última temporada (Lengua de Trapo, 2013), Bajo treinta (Salto de página, 2013) eta Best European Fiction 2015 (Dalkey Archive, 2014), narratzaile europarren ingelesezko aukeraketa lanean.

Bere azken lana, Cambiar de idea (Caballo de Troya, 2019) eleberri autobiografikoa da, eta bertan, emakumeen izaerari, feminismoari eta indarkeriari buruz egiten du gogoeta, feminismoari buruz lehen pertsonan egindako kronika, 2017. urtearen amaieratik 2018ra girotutakoa. Egilearen iritziz, Espainian feminismoak izan zuen gorakadarekin eta #MeToo mugimenduaren inguruan sare sozialetako mugimenduarekin erlazionatutako garaia da. Beste sari batzuen artean, birritan izan da Euskadi Literatur Sarien finalista.

Kulturan espezializatutako Idoia Jauregi kazetariak aurkezten duen “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloa 2017an inauguratu zen, irakurleen aldetik ere arrakasta duten narratiba garaikideko emakume egileen lanetan zentratzeko xedez. Hauek dira topaketa horietan orain arte parte hartu duten egileak: Dolores Redondo, Eva García Sáenz de Urturi, María Oruña, Almudena Grandes, Alicia Giménez, Clara Usón, Elvira Lindo, Najat El Hachmi, Karmele Jaio, María Sánchez, Rosa Ribas eta Katixa Agirre.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena dituen gunea da.