85 HERRIALDETAKO 3.368 FILM LABUR AURKEZTU DIRA BILBOKO ZINE DOKUMENTAL ETA LABURMETRAIA NAZIOARTEKO ZINEMALDIAREN – ZINEBIREN 56. EDIZIORA

Zinemaldia iragartzen duen kartela, Oscar Mariné diseinugile eta ilustratzaileak egindakoa, Twiggy modelo ohi eta antzezle britainiarrari eskainitako omenaldia da

Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldiak (ZINEBI) azaroaren 14tik 21era izango du bere hurrengo edizioa, 56garrena. Lanak aurkezteko epea amaitu ondoren, ZINEBIk 85 herrialdetako 3.368 film jaso ditu, eta horien artean aukeratuko dira Lehiaketako Sekzio Ofizialean lehiatuko direnak, lehiaketan parte hartuko duten hiru jeneroetarako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez. Jenero horiek, fikzioa, dokumentala eta animazioa izango dira. Lanen jatorriari dagokionez, herrialdeen artean Espainia azpimarratu behar da (754 film, horien artean Euskal Herriko 123), eta bere ondoren Frantzia (490), Alemania (235), EE.BB. (195) eta Erresuma Batua (148) datoz. Hegoamerikako herrialdeen artean, film labur gehienak Brasildik (148), Mexikotik (79) edo Argentinatik (61) heldu dira. Zine produkzio urria eta mendebaldeko ikus-entzuleentzat ezezaguna duten herrialdeen artean Aljeria (4), Armenia (2), Azerbaidjan (4), Bahrein (2), Bangladesh (2), Bhutan (1), Islandia (1), Jordania (1), Kosovo (6), Palestina (1), Kongoko Errepublika (1) edo Sierra Leona (1) azpimarra ditzakegu. Herrialde eta gune geografiko eta kultural anitzen partaidetza horrek nabarmendu egiten du, berriro ere, zinemaldi beterano honen nazioarteko izaera. Azkenik, izena eman duten filmen jeneroei dagokienez, zinemaldiaren araudian ezarritako hiru kategoriak kontuan izanda, 1.987 fikziozkoak dira (%59), 994 dokumentalak (%29’51) eta 387 animaziozkoak (%11’49). TWIGY Óscar Mariné diseinugile eta marrazkilariak ZINEBIren 56. edizio honetarako egin duen kartela, Twiggy modelo ohi eta antzezle britainiarrari eskainitako omenaldia da. Nazioarteko lehenengo top-modela izan zen, eta 1966an, 17 urte zituela, Londonen izan zituenlehenengo agerraldietatik, aurreko guztiarekin alderatuz desberdina zen emakumea irudikatzen jakin zuen, txikia eta oso argala, eta mundu osoko milioika emakumek euren eredu gisa hartu zuten.

TWIGGY

Zuri beltzeko irudi horrekin, ZINEBI 56k omenaldia eskaintzen dio Lesley Hornby ‘Twiggy’-ri, emakume horrek, sarritan hauteman ezin daitekeen zerbait bereganatzen jakin zuelako, belaunaldi oso baten garaia, aldaketarako eta askatasunerako nahia. Izan ere, Twiggyk bere alorrean egin zuen bezala, ZINEBIk ere, urtero, film laburren bitartez, mundu osoko zine garaikideak egiten dituen bide aldakorrak bereganatu nahi ditu.

Lesley Hornby, mundu osoan lilura sortzen zuen eta leku guztietatik deiak jasotzen zituen modeloa izan zen. 21 urte zituela antzezle karrera hastea erabaki zuen. Bere lagun zen Ken Russell zinegile britainiarrak, haren lehenengo filmaren protagonista izateko gonbidapena luzatu zion, The Boyfriend (1971), zinegile berezi horren ikus-delirioa erakusten zuen lana. Ondoren zinean egin dituen lanetan, Mel Ferrer, John Landis, Harold Ramis, John Schlesinger eta John Carpenter bezalako zinegile handiekin aritu da.