’50 AÑOS DE VERGÜENZA’ ESTREINATUKO DA BILBON

Talidomidak eragindako hondamendiari buruzko dokumentala; hainbat ume jaio ziren malformazio larriekin botika horren ondorioz

’50 Años de Vergüenza’ dokumentalak tragedia baten nondik norakoak azaltzen ditu baina, oraingoan, talidomidaren biktimek lehen pertsonan kontatuta. Ez da emakume horietaz egindako dokumentala, eurekin egindakoa baino: zer gertatu zen eta zer jazo den harrezkero, duela 50 urtetik orain arte, zelan jardun duen erantzule izan den Grünenthal enpresak eta zer egin duten agintariek. Bilboko Udalaren laguntzarekin lan hau bihar, urtarrilak 22 (eguena) estreinatuko da DEUSTUKO Barrutiko Udaltegian. Sarrera dohainik izango da harik eta leku guztiak bete arte.

World Association of Medical and Health Films (WAMHF) elkarteak, Medikuntzari eta Osasunari eta Telemedikuntzari buruzko Nazioarteko XIX. Zinemaldiko epaimahaiak azaroan Badajozen saritu ondoren iritsi da Bilbora film hau.

50.eko hamarkadan merkaturatu zuten farmakoa da talidomida, besteak beste, haurdunaldiko goragaleak sendatzeko, baina malformazio larriak eragin zituen umekiengan. Uste da mundu osoan 20.000 pertsonengan izan zuela eragina talidomidak, Bizkaian 4 eta Gipuzkoan 8 pertsonarengan.

Espainian, 2013an, emakumezko epaile batek historian aurreneko aldiz zigortu zuen Grünenthal botika-industria, espainiar estatuak biktimatzat onartutakoei kalteak ordaintzera. Hala ere, Alemaniako enpresak errekurtsoa aurkeztu eta Madrileko Probintzia Auzitegiak baliogabetu egin zuen kondena iazko urriaren amaiera aldean.

’50 Años de Vergüenza’ filmaren zuzendariak Javier Almela, Fernando Rodríguez eta Ana Salar dira. Espainian, Alemanian eta Hondurasen filmatu dute. Talidomidaren Alemaniako eta Espainiako biktimen borroka islatzen du hiru urteko lan honek. Dezente kontrakoak diren bi errealitate. Gainera, filmak Hondurasen jarri du arreta Latinoamerikan bizi duten egoeraren adibide moduan.

Dokumental hau zenbait hiritan eman dute: Madril, Murtzia, Badajoz, Bartzelona, Zaragoza eta Sevillan. Iazko irailean Alemaniako hiri batzuetan ere ikusteko aukera izan zuten: Stuttgart, Kolonia, Aachen edo Berlinen.

Herritar guztiak gonbidatzen ditugu dokumentalaren emanaldira etortzera, botika horren ondoriozko 50 urteko lotsaizuna zuzenean ezagutzeko. Filma bihar, urtarrilak 22 (eguena), 19:00etan, emango da DEUSTUKO Barrutiko Udaltegian. Sarrera dohainik harik eta leku guztiak bete arte.

Biofilmografia

  • Javier Almela (Alacant, 1979-01-20) Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua eta Irakasleen Prestakuntzan graduatu-ondokoa. 7RM telebistako informazio-zerbitzuetako errealizadorea da, “Explorers” telesailaren muntatzailea, “solidaria” kategoriako irabazlea “18 Días de Cirugía Solidaria” lanarekin Videomed nazioarteko lehiaketan.
  • Fernando Rodríguez (Santa Marta, Badajoz, 1977-01-19) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua UNEXen eta Errealizazioko Masterra TVEko IORTVn. Argazki-zuzendari jardun zuen “Maneras de estar preso” film laburrean, kamerari “Metamorfosis” film dokumental laburrean, argiztapen-laguntzaile eta kamerari “El amor es un suicidio” film luzean eta errealizadore 7RM telebistako informazio-zerbitzuetan.
  • Ana Salar (Murtzia, 1979-06-11) Kazetaritzan lizentziatua Murtziako Unibertsitate Katolikoan. Kirol kazetari jardun du Radio Nacionalen, Madrilen, eta Murtziako Telebista Autonomikoan. 2011n bere lehen proiektu profesionala jarri zuen abian 2014an estreinatu zen “50 años de Vergüenza” dokumentalaren zuzendari eta gidoilari moduan.