32 HERRIALDETAKO 62 FILM LABUR, GEHIENAK EUROPA MAILAKO ESTREINALDIAK, LEHIATUKO DIRA ASTE HONETAN ZEHAR BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN – ZINEBIREN 59REN SEKZIO OFIZIALEAN

Emanaldiak Golem-Alhondiga zine-aretoetan eta Azkuna Zentroko auditorioan izango dira ostegunera arte, 20:00etan eta 22:30ean.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI), Sekzio Ofizialean lehiatuko diren 62 filmak eskainiko ditu ostegunera arte. Guztira fikziozko 24 film labur, 21 dokumental eta animaziozko 17 film izango dira, 32 herrialdetatik etorritakoak. Gehienek Bilboko jaialdian izango dute nazioarteko estreinaldia.

Film horiek Bilboko Jaialdiko Sari Nagusia (7.000 €), eta lehiaketako hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak: fikzioa, dokumentala eta animazioa (4.000 eta 3.000 € hurrenez hurren kategoria bakoitzeko) lortzeko lehiatuko dira. Horrez gain, ZINEBIk Zine Espainiarraren Sari Nagusia (5.500 €) eta Film latinoamerikar hoberenaren Mikeldia (4.000 €) ere banatuko ditu.

Nazioarteko lehiaketa gaur goizean aurkeztu da, aukeratutako zinegile batzuen presentziarekin: Michaela Müller Airport (animazioa) lanaren zuzendaria, Carla Andrade El paisaje esta vacío y el vacío es paisaje (dokumentala) filmaren zuzendaria, Mariangela Pluchino eta Julia  Maura Galatée à l’infini (dokumentala) film laburraren zuzendariak, Oliver Adam Kusio Ela – Szkice na Pozegnanie /Ela – Sketches on a Departure filmaren egilea eta Paulo Patricio Surpresa (animazioa) lanaren egilea. Eurekin batera Ernesto del Río ZINEBIko zuzendaria eta Vanesa Fernández Guerra jaialdiko programatzailea egon dira.

Hasieran, jaialdiak 92 herrialdetatik etorritako 3.100 film baino gehiago jaso zituen, eta horien artean aukeraketa batzordeak 62 horiek aukeratu ditu, kalitate irizpideetan oinarrituta. Gehienek ZINEBI 59n izango dute nazioarteko estreinaldia, eta beste batzuek dagoeneko irabazi dituzte sariak erreferentziazko jaialdietan.

Oso gai eta estilo anitzak erakutsiko dituzten filmak dira, eta ikus-entzuleek aste honetan ikusi ahal izango dituzte Golem-Alhondiga zine-aretoetan eta Azkuna Zentroko auditorioan –20:00etan eta 22:30ean–. Nazioarteko epaimahaia izango da azken hitza izango duena. Edizio honetan, epaimahaiko kideak hauek izango dira: Iván Arguello, Guadalupe Echevarría euskal artista, bideo-artearen arloan Euskadiko aitzindarietakoa, Renata Gasiorowska animaziozko zinegile poloniarra, Lola Mayo gidoilari eta ekoizlea eta Peter Suschitzky argazki zuzendari britainiarra.

Gaur goizean Bilbon aurkeztu diren filmen artean azpimarratzekoa da Michaela Müllerren Airport animazio film laburra, Locarnoko Sekzio Ofizialetik, ANNECY-Nazioarteko Animazio Jaialditik eta TIFFetik (Toronto International Film Festival) igarotakoa. Horrez gain, mundu mailako premierea izango dute Carla Andrade diziplina anitzeko artistaren El paisaje esta vacío y el vacío es paisaje (dokumentala), eta Mariangela Pluchinoren eta Julia  Mauraren Galatée à l’infini lanek. Azken film hori, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) Sorkuntzako Dokumental Masterretik sortutakoa.

Horrez gain, Estatuan estreinatuko direnen artean, Canneseko Kritikaren Astean estreinatu zen Oliver Adam Kusioren Ela – Szkice na Pozegnanie /Ela – Sketches on a Departure eta, jaialdi ospetsuetan, Portugaleko Curtas jaialdian, Brasilgo Anima Mundin edo DOK Leipzig izenekoan sariak irabazi dituen Paulo Patricioren Surpresa animazio filma aipa daitezke.