FANTEN – BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAREN, XXI. EDIZIOAK, M. NIGTH SHYAMALAN ZINEGILEAREN “WAYWARD PINES” TELESAILAREN ESTREINALDIA JASOKO DU MAIATZAREN 14AN

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako zinemaldiak APIRILAREN 25ERA ARTE luzatu du Trailer Faltsuen lehiaketarako lanak aurkezteko epea. Lehiaketa horrek 1.500 eta 750 euroko bi sari izango ditu, epaimahaiak eta ikus-entzuleek emango dituztenak, hurrenez hurren.

Bilboko jaialdiak edizio honetako irudia aurkeztu du, generoaren zaleak odol erronda batera gonbidatuko dituen kartelarekin.

Maiatzaren 8tik 15era bitarteko astean Bilbo zine fantastikoaren hiriburu bilakatuko da berriro, FANT-en XXI. edizioa ospatuko baita. MAIATZAREN 14an, “Wayward pines”telesailaren estreinaldia jasoko du, FOX Españarekin lankidetzan. Protagonista Matt Dillon da, eta zuzendaria, “Señales” edo “Sexto sentido” bezalako film luzeak direla eta oso ezaguna den M. Night Shyamalan.

 

Wayward Pines”, Blake Crouch-en “Pines” eleberrian oinarritutako suspense thrillerra da. M. Night Shyamalanek idatzi eta zuzendu du, eta badago 90eko hamarkadako “Twin Peaks” telesail ospetsuarekin alderatzen duenik. Ethan Burke agentea, desagertuta dauden beste bi agente federalen bila ari da. Burke (Matt Dillon), Seattleko agente sekretu hoberenetakoa, Wayward Pines herrira bidaliko dute, agenteen desagerpena ikertzeko.

 

Telesailaren lehenengo kapitulua emango da maiatzaren 14an, Bilboko Alondegian eta, ondoren, lehiaketa berritzailearen bigarren edizioan aukeratutako Trailer Faltsuak eskainiko dira. Ekimen hori iaz jarri zen martxan, eta sortu duen ikusmina dela eta, Zinemaldiak lanak aurkezteko epea APIRILAREN 25era arte luzatzea erabaki du.

 

Izan ere, bigarren urtez jarraian, eta iazko edizioaren arrakasta ikusita, Trailer Faltsuen lehiaketa deitzea erabaki da, CANAL +-ekin elkarlanean. Epaimahaiak, 1.500 euroko lehenengo saria emango du, eta ikus-entzuleak izango dira, bozketa bitartez, 750 euroko bigarren saria emango dutenak.

 

Gainerako sekzioetan ez bezala, oraingo honetan, existitzen ez den generoko film baten trailerra edo teaserra sortu beharko da. Ezinbestekoa izango da oinarri izango den film hori 2015eko maiatzaren 15ean oraindik errodatzen hasi gabe egotea. Lehiaketan parte hartzeko bidaliko diren lan guztiek trailer formatua izan beharko dute, eta ezin izango dira 3 minutu baino luzeagoak izan, kredituak barne. Ezaugarri teknikoei dagokienez, proposamenek baldintza hauek bete beharko dituzte: 16:9 itxura, kalitatezko irudia (1920×1080) eta H264 formatua.

 

Zinemaldiaren gainerako sekzioetan ikusi behar diren lanen kopiak jasotzeko azken eguna ez da aldatu, eta 2015eko MARTXOAREN 15a da. Materialak aurkezteko prozedura eta beharrezkoa den informazio guztia, www.fantbilbao.net zinemaldiaren webgunean dauden oinarri osoetan kontsulta daitezke.

 

BESTE ERRONDA BAT?

Beste alde batetik, FANT-ek zinemaldiaren hurrengo ediziorako irudia ere aurkeztu du. Kartel horrek, pote erronda berezira gonbidatuko ditu ikus-entzuleak. Betidaniko poteoko edalontzia bezain bilbotarra den elementu horren bitartez, Hiriaren izatearen parte bat sartu nahi izan da zinemaldian. Izan ere, modu leunean ardoa odol bilakatzen da, zinemaldi honen protagonista den zine generoan ezinbestekoa den elementua. Irudiak izua sartzen du eguneroko jardunean, posible egiten baitu koadrila bat Zazpi Kaleetako, Indautxuko edo beste edozein auzoko taberna batean sartzea eta beste erronda bat eskatzea. Baina… zeren erronda izango ote da?